Skip to main content

Klima aldaketaren aurkako zereginean etenik bariko ekarpena egin guran dabil Fagor Ederlan. Eta nabari da ahalegina. Bada, ingurumen kudeaketaren alorrean abiaraziriko ekintzek hobekuntza nabarmena izan dute CDP (CDP Score Report) nazioarteko erakundearen urteko markatzaileetan. Zehatz esanda, jasangarritasunari buruzko txostenak lantzen dituen plataformarik osatuenetakoa da aipaturikoa, eta ospe handia du nazioartean. Besteren artean, enpresei lagungarri zaie ikusarazteko zela duten iraunkortasuna euren estrategia eta praktika bilakaturik.

Hain zuzen ere, hiru neurketa ditu barnebildurik txostenak: klima aldaketa, uraren segurtasuna eta basoak. Bost puntuazio maila dituzte horiek guztiek: A eta A- (Lidergo maila); B eta B- (Kudeaketa maila); C eta C- (Kontzientzia maila); D eta D- (Dibulgazio maila); eta F (ebaluaziorako informazio nahikorik barikoa).

Batetik, klima aldaketaren alorrean, B- edo Kudeaketa mailako puntuazioa erdietsi du Fagor Ederlanek. Bada, produktu metalikoak fabrikatzen dituzten enpresen batez bestekoaren gainetik dago puntuazio hori. Eta uraren kudeaketan ere, B- edo Kudeaketa mailakoa izan da lortutako puntuazioa -produktu metalikoak fabrikatzen dituzten enpresen batez bestekoan da-. Hala, hobekuntza nabari da aurreko ekitaldiko emaitzekiko, ingurumena ahal den neurrian errespetatuko duen industria jardueraren aldeko estrategia eta konpromisoa berretsiz. Puntuazio horiekin, era berean, arazoei aurre egiteko abiaraziriko ekintza koordinatuak aitortu zaizkio kooperatibari.

Oro har, haien industria jardueraren neutraltasun helburuak ahalik eta epe laburrenean lortu guran, kooperatibako lantaldeak zein lantegiek egiten duten etengabeko lana aitortu dute CDP Reporten markatzaileek. “Gisakoek indarra ematen digute modu arduratsuan, seguruan eta iraunkorrean lan egiten segitzeko”, gaineratu dute Fagor Ederlaneko kideek.