Skip to main content

FAGOR TALDEAREN

HISTORIA

1964. urtean sortu zen Fagor Taldea, Ularco izenpean, Debagoieneko lau kooperatiben batasunetik: Ulgor, Arrasate, Copreci eta Ederlan. Hain zuzen ere, horietako hiru dira taldeak bere eginiko lehen izen horren oinarri (Ulgor, Arrasate eta Copreci). Dena den, kooperatiba taldearen sustraiak urte batzuk lehenago hasi ziren errotzen, Ulgorren sorrerarekin. Zeresana izan zuen, era berean, Arrasateko Esperientziak (1957. urtea). Garai hartan, enpresa ezberdin baten aldeko hautua egiten hasi ziren zenbait pertsona. Testuinguru horretan sortu zen Fagor marka, 1959. urtean.

FAGOR TALDEA

Historian zehar

Sortu ginenetik, kooperatibagintzan sakonduz jardun dugu Fagor Taldean, beti, unean uneko testuingurura moldatuz.

(1956) Kooperatibagintzaren ideiari heldu zitzaion Debagoienean. Tartean, Jose Maria Arizmendiarrieta apaizak bultzatuta, 1956. urtean, Talleres Ulgor sortu zuten Arrasateko Union Cerrajera enpresako bost langilek, negozio eredu demokratiko bateranzko jauzia egin guran.

(1959) Fagor marka sortu zuen Ulgorrek. Berez, Tagor behar luke izan izenak, baina ordurako bazegoen antzeko izeneko enpresa bat (Tagor), eta, beraz, ezin izan zuten bere horretan erregistratu. Izena aldatu beharra izan zuten: lerro bat gehitu zioten T letrari, Fagor izenaren alde eginez.

(1964) Batu egin ziren Debagoieneko Ulgor, Arrasate, Copreci eta Ederlan, Ularco izeneko kooperatiba taldea sortuz. Kooperatibagintzan sakontzen segitu zuten, euren jarduna indartuz, lankidetzan, beti ere. Gerora, kooperatiba berrien sorrera ahalbidetu zuten.

(1986) Taldearen berregituraketa adostu zuten bazkideek. Besteren artean, Fagor izena haren egin zuen taldeak, eta hiru sailetan banatu zen (kontsumo produktuak, industria osagarriak eta ekipamendu kapitala), horien arduradunak izendatuz. Emakume bat zegoen arduradunen artean -ez zen ohikoa garai hartan-.

(2013) Bertan behera geratu zen Fagor Electrodomesticos kooperatibaren jarduna eta bertako bazkideen birkokatze prozesuari ekin zitzaion. 2019an, ostera, akordio bat erdietsi zen Amica enpresarekin, lerro zuriko etxetresnen sektorean Fagor marka erabiltzeko eskubidea izan zezan.

(2021) Fagor 2030 iraunkortasun estrategia onartu zen 2021eko Batzar Nagusian, aurrera begirako jardun modurako markoa zehaztuz. Askotarikoak dira haren barne bildurikoak: lehiakortasuna, gobernantza eredu demokratikoa, pertsonen zaintza, planetarekiko konpromisoa eta garapen komunitarioa.