Fagor Ederlan kooperatibaren Fagor Ederbatt negozioak mugikortasun elektrikorako baterien alorrean duen posizioa indartu du, eskaintza teknologiko zabalagoa eskainiz, oinarri industrial sendoarekin eta exigentzia handiko lekuetan jarduteko gai diren bateriekin, Dakar Rallyan -lasterketak izan duen lehen kamioi hibridoan hartu zuen parte-, adibidez. 2025ean zehar, teknologia alorreko eta industria hazkunderako ibilbide orria azkartu du negozioak, trenbideko garraioan, itsas garraioan, autobus elektrikoetan, ibilgailu komertzial arinetan, off-road aplikazioetan eta soluzio industrial aurreratuetan baterien eskaera handiari erantzuteko asmoz.
2026a ere urte erabakigarria izango da Fagor Ederbattentzat: aurreko urtetik ekoizten ari diren LFP izeneko bateria berria merkaturatuko du. Bateria horrek bat egiten du gaur egungo errendimendu handiko NMC erreferentziekin, eta bezeroen beharrak asetzen ditu: bizitza luzeagoa, seguruagoa eta ingurumenarekiko errespetu handiagoa. Bereziki, ibilgailu pisutsuentzat eta segurtasun handia behar duten aplikazioentzat sortu da.
Negozioaren eta proiektuen hazkundeak, besteak beste, ekoizpenaren lekualdatzea eta egokitzea eragin du. Zamudioko (Bizkaia) ekoizpen planta berriak, Fagor Ederbattek bateria aurreratuak EAEn bertan garatzeko eta ekoizteko egina duen apustua berresten du. Era berean, bezeroei azkarrago erantzutea eta bateriak kudeatzeko sistema berriak integratzea ahalbidetzen dio.
Bateria modular eta eskalagarrietan sakontzen jarraitzen du Fagor Ederbattek, batez ere, garraioaren elektrifikazioaren lidertza duten sektoreei begira: hiriko autobusak, kamioiak, ibilgailu komertzialak, trenbide soluzio arinak, itsas aplikazioak, off-road aplikazioak eta makineria industriala, besteak beste. Ekoizpenera mugatu barik, bide-laguntza integrala eskaintzen du Fagor Ederbattek, soluzio energetikoaren definiziotik, integrazio eta eragiketaraino. Bide horretan, ekoizpen gaitasuna indartzen jarraitzea da asmoa, eta Europako mugikortasun iraunkorraren ekosisteman duen erreferentzialtasuna egonkortzea.






