Ekonomia zirkularraren eta birziklatutako aluminioaren arloan duen posizioa indartzen jarraitzen du Fagor Ederlanek, Fagor Recycling martxan jarriz. Lorne Kalisky bazkide estrategikoarekin batera sortu du, eta kapitalaren %51. Inbertsioak urrats berri bat dakarkio Fagorreko kooperatibak Ipar Amerikan duen hedapen industrialaren estrategiari, eta Fagor Regen Aluminum enpresaren jarduera osatzen du. Urriaren 26an inauguratu dute Pennsylvaniako Blossburg herrian dagoen lantegia.
Oro har, birziklatutako aluminiozko lingoteen ekoizpenean eta material birziklagarrien balorizazioan espezializatuko da, eta aluminio-aleazio desberdinak fabrikatuko ditu soilik material birziklatua erabilita; Estatu Batuetako merkatura eta automobilgintza, eraikuntza eta kontsumo-ondasunen sektoreei begira jardungo du batez ere. Aurreikuspenen arabera, urtean 12.000 tonako ekoizpen-ahalmena luke hasieran, eta hazkunde progresiboko plan baten bidez, urtean 36.000 tonara heltzea aurreikusten du. Horrekin guztiarekin, 40 milioi dolar inguruko fakturazioa aurreikusten du lehen jarduera urterako; eta 100 milioi dolar baino gehiagoko fakturazioa espero ditu aurrera begira.
Urrats berria birziklapenean
Aluminio birziklatuan espezializatutako industria-ekosistema osatuko dute Fagor Recyclingek eta Fagor Regen Aluminumek, bezeroei balio-proposamen zabalago eta lehiakorragoa eskaintzeko. “Estatu Batuetan ekoitzitako aluminioaren %85 inguru iturri birziklatuetatik dator, propietateak galdu gabe behin eta berriz birziklatu daitekeen material baten abantaila lehiakor eta ingurumenekoek bultzatuta. Ekonomia zirkularra errealitate bat da dagoeneko”, azaldu dute Fagor Ederlanetik.
Fagor Recycling eta Fagor Regen Aluminumen instalazioen arteko gertutasunak logistika optimizatzea ahalbidetuko du, baita aleazioen eta ekoizpen-gaitasunen eskaintza osagarria garatzea ere. Gainera, harreman komertzialak eta ezagutza teknikoa partekatuko dituzte bi enpresek.
Jon Zuazo Urionaguena Fagor Ederlaneko zuzendari nagusiaren esanetan, hazten jarraitzeko borondatearen isla da negozio berria: “Fagor Regen Aluminum taldean sartzeak gure etorkizunerako estrategikoa den sektore baten ateak ireki zizkigun. Gaur, Fagor Recycling martxan jarriz, beste urrats bat eman dugu aluminio birziklatuaren aldeko gure apustuan. Material hori funtsezkoa da industria-deskarbonizaziorako, aluminio primarioaren ekoizpenak baino %95 energia gutxiago behar baitu. Horrela, Ipar Amerikako gure bezeroei tokiko, jasangarri eta lehiakorrak diren irtenbideak eskaintzeko dugun gaitasuna indartzen dugu. Inbertsio honek gure bazkideekin, gure pertsonekin eta gure jarduera garatzen dugun komunitateekin batera hazten jarraitzeko dugun borondatea erakusten du”.






