Fagor Ederlan kooperatibak erreferente izaten jarraitzen du iraunkortasunaren alorrean, eta egindako lana behin baino gehiagotan aitortu dute nazioarteko erakundeek.
ASI Performance Standard ziurtagiria Euskal Herriko aluminiozko plantetan
Oraingo honetan, Aluminium Stewardship Initiativek (ASI) Performance Standard V3.1 ziurtagiria eman dio, aluminioaren balio‑kate osoan iraunkortasun‑irizpide zorrotzak betetzen dituela egiaztatzearen ondorioz. ASI Performance Standard V3.1 estandarra 11 printzipiok eta 62 irizpidek osatzen dute, eta hiru zutabetan dago egituratua: ingurumena, gai sozialak eta gobernantza. Estandarrak funtsezko gai estrategikoak lantzen ditu, besteak beste, berotegi‑efektuko gasen emisioen murrizketa, ekonomia zirkularra, biodibertsitatea, giza eskubideak eta enpresa‑jardunbide arduratsuak, aluminioaren balio‑kate osoan zehar. Ziurtagiria DNV Business Assurance Services UK Ltd erakundeak egindako auditoria independente baten ondoren etorri da, eta ebaluazio prozesuan ez da ez‑betetzerik edo desadostasunik atzeman. Horrek berretsi egiten du Fagor Ederlanek ASIk ezarritako ingurumen, gizarte eta gobernantza eskakizunekin duen lerrokadura sendoa.
EcoVadisen brontzezko domina talde mailan
Fagor Ederlanek urteak daramatza iraunkortasunaren alorrean pausu garrantzitsuak ematen. Tartean, duela hilabete gutxi, brontzezko domina jaso berri du jasangarritasunean eta erantzukizun sozial korporatiboan aintzatespen handiena duen Ecovadis ebaluazio sisteman, 2025ean zehar egindako lana aitortuz.
CDPen A zerrendan klimari dagokionean
Bestalde, 2025ean Fagor Ederlan CDPen (Carbon Disclosure Project) A zerrendan sartu da, klima aldaketaren kudeaketa eta gardentasunean nazioarteko erreferente den indizean. Mundu mailan ebaluatutako 22.100 enpresetatik soilik %4k lortzen dute zerrenda esklusibo honetan sartzea, eta horrek agerian uzten du kooperatibaren ingurumen‑estrategiaren sendotasuna. CDP ingurumen dibulgazioan nazioarteko erreferentzia den erakunde globala da. Enpresak ebaluatzeko metodologia zorrotza erabiltzen du, argitaratutako informazioaren kalitatea, eta arriskuen kudeaketa eta klima-jardunbide egokiak aztertzeko. Aitortza honek merkatu eta inbertitzaileentzako adierazle nagusi gisa balio du, eta nazioarteko erreferente da ingurumen jarduerari dagokionez.
Fagor Taldeko kooperatibak merkatuan duen posizioa indartzen dute errekonozimendu horiek guztiek, eta lan-aukera berriak zabaltzen dizkio. Fagor Ederlanek langileen eguneroko lanaren aitortza moduan jaso du errekonozimendua: “Oso harro gaude horrelako ziurtagiri eta errekonozimenduak jasotzeagatik, hein batean, gure langileek egunerokoan egiten duten lana aitortzen delako. Gainera, iraunkortasunaren alde egina dugun apustua berresten dute”.






