Iraupen mugatuko bazkideentzako, birkokatuentzako eta 1. franjako behin betiko bazkideentzako sortutako birkualifikazio programa amaitu berri du Fagor Ederlanek. 2025eko urritik 2026ko maiatzera bitarte, 360 orduko formakuntza izan dute parte-hartzaileek, eta, tarte horretan, eskaintza partzial baten bidez -erreleboetako jendearen asistentzia bermatu du horrela-, fundizioari, sistema automatikoei, mekanizatuari eta prozesuko gaiei buruzko formazioa jaso dute. Miguel Altuna Lanbide Heziketarekin (Bergara, Gipuzkoa) eta Zubieta Lanbide Eskolarekin (Usurbil, Gipuzkoa) elkarlanean egin da formakuntza, eta 50 pertsona baino gehiagok hartu dute parte.
Askotarikoak dira birkualifikazio programaren helburuak. Besteak beste, formakuntzaren ostean, behin betiko bazkidetza prozesua hasiko dute iraupen mugatuko 23 bazkidek, eta kontsolidatu egingo dira birkokaturik dauden 18 pertsona. Horiez gain, 1. franjan dauden behin betiko hainbat bazkidek aukera izango dute 2. franjako zenbait lanpostutan jarduteko.
Eta programak badu kontuan izan beharreko beste alderdi bat: goi mailako ziklokoak dira hartan landuriko zenbait eduki. Beraz, birkualifikazio programan parte hartu dutenek aukera dute ikasten jarraitu eta titulazio ofiziala lortzeko.
Pertsonen garapena
Bazkide eta langileen garapenerako bitartekoak eskaintzeko apustua du egina kooperatibak. “Pertsonen garapenean, formazioan, birkualifikazioan eta lanaren alorrari lotutako bestelako soluzioetan sinisten du Fagor Ederlanek. Oro har, pertsonen garapena bultzatzen jarraitzea eta etorkizuneko erronkei elkarrekin erantzuteko gai izatea da helburua”, azaldu dute kooperatibatik.






