Skip to main content

Iraunkortasuneranzko urrats berria egin du Fagor Ederlanek. Bada, ingurumen inbertsioetan egiten dabilen bidea oso lotua dago haren instalazioetako jardueraren hazkundearekin eta ingurumena hobetzeko heldua duen konpromisoarekin, beti ere, Garapen Iraunkorreko Helburuen eta EAEko ekonomia zirkularraren estrategiaren ildotik. Eta dagoeneko finkatuak ditu 2021-2024 urte bitarterako helburuak: egunerokoan sorturiko hondakinendako irtenbidea bilatzea -behin betikoa eta iraunkorra-, materialetan berritzea eta atmosferara isuritakoa gutxitzea, mundu mailako iraunkortasunari ekarpena egiteko ahaleginean.

Bide horretan, ekoizpenerako instalazioek isuritakoen tratamendurako, eta, oro har, hondakinak murrizteko, inbertsioak lehenetsiko ditu Fagor Ederlanek datozen urteetan -hor legoke soberan den harearen balio handitzea, esaterako-. Dagoeneko egina dago Markuleteko galdategian berdez moldekaturiko harea berreskuratzeko eta berrerabiltzeko proiektua. 2 eta 3 urte bitarteko iraupena aurreikusten duen ekinbide horrek harearen lohitasuna desagerraraziko lukeen prozesua abiaraztea luke xede, ehuneko handi batean harea berriaren ordezko moduan erabilia izan dadin. Sorturiko hondakina murrizteaz aparte, harea berriaren erabilera gutxitzea ekarriko luke horrek, dagoeneko egon badauden bitartekoen erabilera maila arrazionala handitzearen eraginez.

Bestetik, martxan da osteko balioztatzerako harea eta finak siloratzeko makinak jartzeko ekinbidea -dagoeneko egina dago kooperatibako hiru plantetan-. Gaur-gaurkoz, balioztatzeko zeregina duten pertsona bakanek urasketan pilatua eskatzen dute harea. Hori horrela, Fagor Ederlanek beharrezkotzat du haren plantetan gisakoendako biltegiratzea ahalbidetuko luketen espazioak egokitzea.

Esan barik doa balioztatzaile berrien sorrerak baldintzatzen duela proiektuaren exekuzioa. Eta, ostera, aluminio plantek isuritakoaren tratamendurako aurreikusirik dauden ekintzei dagokienez, aluminio galdaketarako labeetan, gasen tratamendurako sistema jarriko luke datozen urteetan Fagor Ederlanek. Gaur-gaurkoz, aluminio landugabea erabiltzen den arren, etorkizunean material birziklatu berriak probatzeko asmoz dihardute, aluminio planten ekoizpen-prozesuari zirkularitatea emanez, burdina galdetegietan egiten den moduan.

Era berean, Bergarako presio baxuko aluminio plantako ur zikinak tratatzeko hutseko lurrungailu bat jartzeko aurreikuspenez dabil Fagor Ederlan. Zehatz esanda, plantan sorturiko hondakin urtsuak minimizatuko lirateke harekin, lurrunketa tratamendu bati esker, ura berrerabiltzea ahalbidetuz.