Skip to main content

Urriaz geroztik kilometro ugari ditu eginak FagorMugi egitasmoak. Eta horrek badu eraginik haren oihartzunean. Besteren artean, goraka doa ekimenaz berba egiten dutenen kopurua – azken asteetan, hainbat webgunetan irakurri ahal izan dira hari buruzko artikuluak-. Eta bide berean izan da Goiena hedabidea: FagorMugi egitasmoari buruzko erreportajea eskaini du Hemen Debagoiena telebista saioan. Hain zuzen ere, ekimenaren nondik norakoez, helburuez, aurrera begirakoez eta bestelakoez jardun dute Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko iraunkortasuneko arduradunak eta Alberto Roldan Ugarte FagorMugiren erabiltzaileak, Xabi Gorostidi Briongos Goienako kazetariarekin izaniko berbaldian.

Hainbaten artean, FagorMugik mugikortasun iraunkorrari egiten dion ekarpenaz jardun du Otxandianok: “Mugikortasun iraunkorra sustatzeko erronkarekin dihardugu. Eta zeregin horretan, oso lagungarri zaizkigu FagorMugi moduko ekimenak. Oso pozik gaude izaten ari den harrerarekin. Asko dira mugikorreko aplikazioan izena emanda dutenak”. Gaur-gaurkoz, 370 parte hartzailetik gora ditu, eta, horien artean, 77.100 kilometrotik gora dituzte eginak -urtarrilaren 21ean eguneraturiko datuak dira-. Aldaketa klimatikoaren ikuspegitik, datu horiek oinarri, esan daiteke 15.400 CO₂ kilogramo direla atmosferara isuri ez direnak.

Ostera, Roldanen esanetan, “erakargarria” da ekimena, “autoa indibidualki erabilia izan ez dadin bitarteko eraginkorra”. Era berean, aplikazioa deskargatzera eta lanerako bidean autoa ez den bestelako garraiobideak erabiltzera animatzen ditu lankideak. “Hobetzen dabiltza lanerako bideak, eta, esaterako, ugariagoak dira bidegorriak. Bitarteko gehiago daude lanera modu jasangarrian joateko”, gaineratu du.

Hemen ikus daiteke Goienak eginiko erreportajea: