Skip to main content

Hitzarmena sinatu berri dute Oneko Oñatiko energia komunitateak eta Fagor Taldeak. Harekin, bazkide laguntzaile bihurtu da Fagor, eta 110.000 euroko ekarpena egingo du. Horrez gainera, konpromisoa hartu du kooperatiben funtzionamenduan eta proiektu komunitarioetan duen jakintza oinarri, energia komunitatearen bidelagun izateko. Raul Garcia Diaz Onekoko lehendakaria eta Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna izan dira energia komunitateak Oñatiko (Gipuzkoa) Eltzia eraikinean duen egoitzan egin den hitzarmen sinatze ekitaldian.

Besteren artean, Fagorreko Iraunkortasun arduradunak azaldu du Oneko moduko energia komunitateek “esangura handiko” ekarpena egiten dutela trantsizio ekosozialaren eta iraunkortasunaren bidean, eta badaudela baldintzak “urrats garrantzitsuak” egiten jarraitzeko. “Trantsizio energetikorako ez ezik, komunitatearen ahalduntzerako bitarteko ere badira energia komunitateak, eta antolatzeko eta gobernantzarako eredu demokratikoa bultzatzen dute. Balio horiek guztiak bat datoz Fagor 2030 iraunkortasun estrategiarekin. Energia komunitateen ekarpenaz jakitun, Debagoienean sorturiko gisako proiektuei biztanleko 10 euroko ekarpena egiteko irizpidea dugu finkatuta”, gaineratu du. Era berean, esan du hitzarmen berriak berresten duela Fagorrek gertuko komunitatea laguntzeko eta gizarte erronkei behar moduko erantzuna emateko hartua duen “konpromiso irmoa”.

Bere aldetik, eskerrak ematearekin batera, Fagorrekin sinaturiko hitzarmenak energia komunitatearen proiektuari egindako ekarpenaz egin du berba Onekoko lehendakariak: ”Fagor Taldearekin sinatutako hitzarmena oso garrantzitsua da guretzat. Ekonomikoki, egonkortasuna emango digu, estres finantzarioa gutxituz. Bestalde, horrelako erakunde handi bat bazkide laguntzaile izateak babes handia ematen dio jaio berri den gure energia komunitateari. Fagorrentzat, ingurumenaren gaia zentrala da eskualderako estrategia sozialean, eta energia komunitateen helburuak guztiz bat datoz estrategia horrekin. Hori oso ondo datorkigu energia komunitateoi”.

Onekoren asmoa da jasotako dirua “oinarrizko funts” modura erabiltzea. Kooperatibari lasaitasun ekonomikoa emateaz gain, horrekin, aukera izango du proiektu eta ekintza ezberdinak abiarazteko. “Funts hori ondo erabiltzea, beti etorkizuneko ikuspegi batekin, izango da Onekoren helburua. Eztabaida eta erabakietan Fagorren ikuspuntua kontutan izatea ere oso aberasgarria izango da, zalantzarik gabe”, azaldu du Onekoko lehendakariak.

Proiektu berria

Urrats berriak iragarri ditu Onekok datozen asteetarako. Uztailaren 8an, esaterako, haren lehen proiektua aurkeztuko du, 19:00etan, Oñatiko kultura etxeko zine aretoan. Energia komunitateko bazkideetatik harago -gaur egun, 48 bazkide ditu-, herritar guztiei begirako saioa izango da. Izan ere, helburua da lehen proiektu horrekin batera, energia komunitatea bera hedatzen jarraitzea. Behinik behin uztailaren bukaerara bitarte luzatuko litzatekeen izen-emate berria zabalduko da.

Energia komunitateen bidelagun

Azken urteotan, Debagoieneko energia berriztagarrien komunitateak babesten eta laguntzen ari da Fagor. Zehatz esanda, Leintz Bailarako Ekiolako (Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza), Ixotzeneko (Elgeta), Berenerreko (Bergara), Esnargiko (Eskoriatza) eta Onekoko (Oñati) bazkide laguntzaile da gaur egun.