Skip to main content

Enpresen euskalduntzean aurreratuta dauden eta euskararen erabilera normalizatua duten Euskal Herriko zenbait enpresek osaturiko Euskaragileak batzordeak antolatuta, euskararen kudeaketari lotutako praktika onen inguruan jardun dute Debagoieneko hainbat kooperatiba eta hezkuntza eragilek Fagor Ederlanen Edertek zentro teknologikoan. Zehatz esanda, Fagor Taldeko, Edertekeko, Mondragon Unibertsitateko, Miguel Altuna Lanbide Heziketako eta Athloneko kasuak ezagutu ahal izan dituzte bertaratutakoek. Horrez gain, zentro teknologikoa ezagutzeko aukera izan dute.

Edertekekeko Usoa Egurbide Arriolak eta Onintze Gorospe Sagastak hasi dute hitzartze sorta, eta arnasguneez egin dute berba. Gaur-gaurkoz, %90etik gorako ezagutza maila du zentro teknologikoak, eta, egoera horretan, hiru urteko epealdian arnasgune izateko erabakia dute hartua. Bide horretan, eragile sarea ere osatu dute. “Oro har, Ederteken euskaraz egiten da lan, baina giro ez-formalean behera egiten du euskararen erabilerak. Hor eragin nahi da. Horretarako sortu da eragile sarea, helburua ez dadin Zuzendaritzara edo Euskara batzordera mugatu eta kide guztiek jakin dezaten badagoela erabilera hobetzeko aukera”, azaldu du Egurbidek.

Bere aldetik, 2024an Talde mailan abiaraziriko Fagor Euskara saria aurkeztu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagorreko lehendakari ohiak. “Fagorrek, erakunde moduan, hamarkadak daroatza euskararen normalizazioaren aldeko lanean, eta aitortua izan zaio hainbatetan. Dena den, erakunde mailako konpromisoek bide luzea izan dezaten ekarpen indibidualak dituzte beharrezko. Hori horrela, ikusi zen aitortu beharrekoa zela Fagorreko kooperatibetako norbanakoen edo lantaldeen ahalegina. Horretarako sortu zen Fagor Euskara saria“, azaldu du Alustizak. Prozesuaren nondik norakoak azaldu -prozesuko faseak, kronograma, bazkideen parte hartzerako moduak…- eta 2026an saritutako bi praktika aurkeztu ditu.

Ostera, egunerokoan martxan dituzten praktika eredugarriak aurkeztu ditu Mondragon Unibertsitateko Xabier Sagarna Arrizabalagak; ikasleen euskalduntzerako duten proiektu pilotuaren inguruan jardun du Miguel Altuna Lanbide Heziketako Gorka Lazkano Arruzubietak; eta egunerokoan lanerako darabilen bizkar terapiarako makina euskalduntzeko ekinbidea azaldu du Athloneko Judith Eraña Uriartek.

Jardunaldien laburpen bideoa: