Azken egunetan sartua da TFG-TFM Mondragon sarien bosgarren edizioaren izen-ematea. Gradu zein master bukaerako lana egin berri dutenek irailaren 30era bitartean izango dute aurkezteko aukera, Shakinghub webgunean. Aurten ere, bost kategoria edo sari nagusi izango dira, tartean, deskarbonizazioari, ekonomia zirkularrari zein neutraltasun klimatikoari lotutako Eraldaketa energetiko-klimatikoaren Fagor Taldea saria. Osotara, 26.250 euro banatuko dira saritan.
XXI. mendeko erronkak
TFG-TFM Mondragon sariek XXI. mendeko erronkak dituzte erdigunean -horiek dituzte oinarri ekinbideak dituen bost kategoria nagusiek-: eraldaketa digitala, pertsonetan oinarritutako eraldaketa, energia- eta klima-erronka, osasun- eta zaintza-berrikuntza eta inpaktu soziala helburu duten finantzak. Horiez gain, berrikuntza zein ekintzailetzari, eragin sozialari eta euskarari lotutako hiru sari gehigarri izango dira.
Lanak aurkezteko baldintzak
Aurkezten diren gradu edo master bukaerako lanek lotura zuzena izan beharra dute TFG-TFM Mondragon sarietako bost kategoria nagusietako batekin. Ostera, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean egon beharko du unibertsitate batean aurkeztuta, eta gutxienez 8 puntukoa izan beharko da kalifikazioa -10eko eskala batean-. Bukatzeko, TFG-TFM Mondragon sarietan parte hartzeko derrigorrezkoa da adinez nagusia izatea.
Proiektuak aurkezteko deia
Sarien bultzatzaileek proiektua aurkezteko deia egin diete urtean zehar gradu edo master bukaerako lana egiten jardun dutenei -horietako zenbaitek Fagorreko kooperatibetan edo bestelako enpresetan jardun dute-. Besteren artean, azaldu dute deialdiak aukera dakarrela hilabeteetan zehar egindako lanketari segida emateko eta horren emaitza hedatzeko.






