Zaporeak elkartearekin elkarlanean egin duen bilketaren ondotik, 3,4 tona elikagai bidali ditu Fagorrek Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamendura; iaz baino bi tona gehiago izan dira -1,4 tona bildu zituen aurreko urtean-. “Pozik egoteko moduko erantzuna izan du elikagai bilketak. Fagorreko kooperatibetako kideek eginiko ekarpenari esker, iaz baino bi tona gehiago bidali dira Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamendura. Garrantzitsua da, uda garaian izugarri hazten baita beharra; 2.000 izatetik 3.000 izatera ailegatzen da Zaporeakek egunero banatutako otordu kopurua”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Fagorrek ia 30 bilketa gune izan ditu Taldeko bederatzi kooperatibetan (Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Electrónica, Onnera Group, Copreci, Fagor Ederlan, Mondragon Assembly, Galbaian eta Fagor Healthcare) banatuta. Uztailaren 1etik 13ra bitartean, arroza, pasta eta olioa jaso ditu horietan -Zaporeakek haren beharren arabera zehaztutako produktuak dira-. Elkarteko boluntarioek aurreko astean jaso zituzten elikagaiak Fagorreko kooperatibetatik.
2022an hasitako elkarlana
Fagorrek 2022tik dihardu Zaporeak elkartearekin elkarlanean -Zaporeakek orduantxe jaso zuen Fagor Herrigintza lankidetza programaren laguntza-, aldian aldiko ekimenak abiarazten. Urte horietan zehar, elikagai bilketak egitetik haragoko ekarpena ere egin du: besteren artean, Onnera Groupek sukalde bat eman zion dohaintzan 2023an, eta, horri esker, plater gehiago prestatu eta banatu ahal izan ditu.






