Ostiral goizean (maiatzak 29) egin du Fagorrek 2026ko Batzar Nagusia, Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia Parke Teknologikoan. Ohi moduan, 2025eko emaitzak, urtean zehar abiarazitako proiektuak eta aurrera begirako erronkak izan ditu berbagai nagusi. Horretan geratu barik, egungo testuinguru “nahasiaren” irakurketa eskaini du, azpimarra berezia jarriz kooperatibek “nekez aurreikus zitezkeen” egoeretan erakutsi duten moldatzeko gaitasunean. “Beste urte batez, Fagorreko kooperatibek berretsi dute egoera zailei aurre egiteko eta berrietara moldatzeko gai direla. Mundu mailako testuinguruek merkatuen ezegonkortasuna eragin dute, eta, egoera horretan, erabaki garrantzitsuak hartu behar izan dira”, azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak. Osotara, 1.735 milioi euroko salmentak izan zituen Fagor Taldeak 2025ean.
Aurrera begira
Mundu mailako testuinguruak eragina izan du sektore desberdinetan, eta kooperatibak ahalegin berezia ari dira egiten egoera berrira egokitzeko. Fagorreko ordezkarien esanetan, enpresa txinatarrak Europako merkatuan sartu ondotik aldatu egin dira egiteko erak, eta “berrasmatu beharra” egon da. Fagor Ederlan, esaterako, azken urratsak egiten ari da Leapmotor marka txinatarraren auto elektrikoen zenbait modelorentzat egiturazko osagaiak hornitzeko —Zaragozako (Espainia) ekoizpen lantegia egokitu eta berrirekiko du horretarako—. Egiteko erara mugatu barik, dibertsifikazio estrategietan sakontzen ere ari dira Fagorreko kooperatibak. Horren adibide da Fagor Arrasatek, Funditec ikerkuntza zentroarekin batera, robot humanoide industrialak diseinatzeko, garatzeko eta fabrikatzeko egin duen apustua.
Lehendakari aldaketa
Gaurko Batzar Nagusiarekin, Alustizak bukatu egin du Fagorreko lehendakari moduan egindako hamasei urteko ibilbidea. Mondragon Assembly kooperatibako lehendakari den Igor Herrarte Letonak hartuko dio erreleboa. Hunkituta, bidelagun izan direnei eskerrak emanez bukatu du Alustizak lehendakaritza: “Ohore bat izan da urte luze hauetan Fagorreko lehendakari izatea. Esker on hitzak besterik ez dauzkat konfiantza eskaini didazuen kooperatibetako kideentzat. Lasai noa, Fagorrek bere esentzia mantentzen duelako; eta pozik noa, etorkizun handia eta oparoa ikusten diodalako hain gurea den proiektu kooperatibo honi”.
Gizarte konpromisoa
Gizarte konpromisoari helduta darrai Fagorrek —legeak zehaztutako %10 barik, irabazien %12 bideratzen du horretara—. 2025ean, 3,1 milioi eurorekin lagundu zituen eskala desberdineko zenbait ekimen sozial, Fagorreko komunitateari begirakoak, Debagoienekoak, Euskal Herrikoak zein nazioartekoak, hala nola, Debagoienaren elikadura burujabetzarako sortutako Tokixan, eskualdeko hainbat hezkuntza proiektu, Argitzen energia trantsiziorako deliberazio prozesu herritarra, Arizari (Arizmendi Ikastola), Haize Berri eta Shifa elkarteen gizarte egitasmoak, Mundukide Fundazioa…






