Skip to main content

Dibertsifikazioa indartzeko asmoz, Robohelixen kapitalean sartu da Fagor Arrasate, %20ko partaidetza eskuratuta. Enpresak, ingeniaritza aurreratua, automatizazioa eta industria-diseinua uztartzen ditu, eta orotariko soluzioak eskaintzen dizkie zenbait sektoreri. Tartean, Arkimedesen torlojuak ekoizten ditu -hori da Fagor Taldeko kooperatibak partaidetza eskuratu izanaren arrazoi nagusia-, irina, harea, ongarriak edota laboreak leku batetik bestera mugitzeko. Zehatz esanda, torloju horietako helizeen fabrikazioa automatizatzeko gai den teknologia garatu eta patentatu du Robohelixek. Akordioa, maiatzaren 28an sinatu zen, Frankfurten (Alemania). Jatorriz austriarra bada ere, Robohelixek Alemanian du egoitza.

Akordioak, datozen urteetan partaidetzaren gehiengora heltzeko aukera eskaintzen dio Fagor Arrasateri. “Eragiketa hau guztiz lerrokatuta dago 2028ko Plan Estrategikoan jasotako dibertsifikazio estrategiarekin”, azaldu du Juan Etxebarria Gonzalez Fagor Arrasateko negozio-garapeneko zuzendariak. Besteren artean, apustu teknologiko berriarekin, nekazaritzaren, elikaduraren, kimika eta ongarrien, meatzaritzaren, mineralen, petrolioaren, gasen, uraren, hondakinen tratamenduaren, obra publikoen eta eraikuntzaren sektoreetan sartu ahal izango da Fagor Arrasate.

Ekoizpena eraginkorrago egitea

Zortzi ardatz dituen CNC makina robotiko horrek orain arte beharrezkoak ziren prentsa hidrauliko handiak, trokel garestiak eta eskuzko prozesuak desagerrarazten ditu. Horri esker, handitu egiten dira ekoizpen abiadura eta segurtasuna, eta kostu operatiboak txikitzen dira, metodo tradizionalaren aldean.

Fagor Arrasateko negozio-garapeneko zuzendariaren esanetan, haren gaitasunekin “oso osagarri” den teknologia bat ematen dio Robohelixek Fagor Arrasateri, aukera eskainiz sektore tradizionalen —automobilgintza, etxetresna elektrikoak edo siderurgia— ziklo ekonomikoekin korrelaziorik ez duten industrietan sartzeko. Era berean, balio du Robohelixek bere produktua merkatuan “parekorik ez duen” industria-soluzio oso baterantz eroan dezan.

Hazkunde iraunkorreko estrategia

Azken urteetan, dibertsifikaziorako hainbat inbertsioa ditu eginak Fagor Arrasatek, hala nola, Ribinerf, Savvy Data Systems eta Primus Robotics enpresei loturikoak; eta ez ditu inbertsio berriak baztertzen, “jarduera dibertsifikatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko mandatua oinarri”. Zenbait urtetako epean, konpainiak 60 enplegu kualifikatu sortzea eta negozio-ildo berriari lotutako 30 milioi euroko fakturaziora iristeko aukera aurreikusten du.