Azken hilabeteotan, Robotekin robotika eta automatizazioaren euskal elkartearen zein Ánima Humanoides robotika humanoidearen eta adimen artifizial fisikoaren estatu mailako elkarteetako kide bilakatu da Fagor Arrasate. Adimen artifizialean espezializatutako Funditec ikerkuntza zentroarekin batera robot humanoideen ekoizpenerako Primus Robotics sortu ondotik, elkarlanerako bideak lantzen jardun du Fagor Taldeko kooperatibak.
Oro har, “ekarpen aktiboa” egiteko konpromisoa azaldu du: “Ekarpena lehen egunetik egitea da gure konpromisoa. Ekipo-ondasunetan, prentsa-lineetan, bobina prozesatzeko sistemetan eta automatizazio-soluzioetan pilaturiko sei hamarkadatik gorako esperientziari esker, ingurune industrialen eskakizun errealak ezagutzen ditugu: zehaztasuna, segurtasuna, sendotasuna eta erabilgarritasuna. Robot humanoideek eta adimen artifizial fisikoak hor dute euren balioa erakutsi beharra. Ekarpen aktiboa egin gura dugu horretan”.
Era berean, kooperatibak “parte aktibo” izan gura du adimen artifizialak eta robot humanoideek eragindako robotikaren eraldaketan. Besteak beste, konpromisoa azaldu du ekosistemaren parte diren bestelako eragileekin elkarlanean jarduteko, industriaren alorreko soluzio errealen garapena azkartzeko xedez.





