Skip to main content

Ribinerf enpresaren kapital sozialean sartu da material metalikoak eta konpositeak konformatzeko edota prozesatzeko ekipo-ondasunen garapenean aditu den Fagor Arrasate kooperatiba, akzioen %70 harenganatuta. Horrek, urrats berri bat dakarkio Fagor Taldeko kooperatibari fabrikazio-prozesuen automatizazioarekin lotutako gaitasun teknologikoak indartzearen aldeko apustuan. “Bat dator Fagor Arrasateren berrikuntza estrategiarekin. Hari esker, adimentsuagoak, malguagoak eta produktiboagoak izango dira eskainiriko automatizazio-soluzioak”, azaldu du Unai López Moñux Fagor Arrasateko zuzendari nagusiak. Hain zuzen ere, akordio berriak Fagor Arrasateren esku uzten ditu piezen kalitatearen kontrolerako, pickingerako eta rackingaren automatizaziorako puntako teknologiak. Besteren artean, horiek esangura handia dute automobilen, etxetresna elektrikoen eta siderurgiaren sektoreetan.

Zehazki, Ribinerfen gaitasunak eta know-howa izango ditu eskura Fagor Arrasaten, egoera ez-deterministikoentzako soluzio estandarizatuen fabrikazioan oinarriturikoak -orain arte ezin zitezkeen automatizatu-. Gainera, Ribinerfeko makinak lana egitetik harago doaz: adimen artifizialari esker, erabakiak hartzeko eta ekoizpen aldakorrean gertatzen diren gorabeherak haien kabuz konpontzeko gai dira, ekoizpen lerroen geldiuneen iraupena murriztuz edota ahalik eta errendimendu handienarekin lan eginez. Horri esker, euren prozesuen lehiakortasuna optimizatu eta hobetu dezakete bezeroek.

“Robotikari, adimen artifizialari eta 3D ikusmenari esker, kalitate ezaren eraginez sor litezkeen kostuak murriztuko dira, akastunen kopurua murrizten delako eta bezeroek pieza-sortak itzultzea saihesten delako. Akordio berriarekin, gisako soluzioak barnebilduko dituzte Fagor Arrasateren ekoizpen bitartekoek”, aitortu du kooperatibako zuzendari nagusiak. Bere aldetik, merkatu eta bezero berrietara gerturatzeko bitarteko gisa ikusten du Fagor Arrasaterekin sinaturiko akordioa Ribinerfeko sortzaileen artean dagoen Xavier Ribalta Rocasek: “Guretzat, bazkide estrategikoa da Fagor Arrasate. Sendotasuna ematen dio gure proiektuari eta gure nazioarteko hedapenean lagun dezake. Fagor Arrasatek nazioarteko merkatuetako deformazioaren sektorean dituen seriotasunari, ospeari eta merkatu-kuotari esker, bultzada haundia hartuko du Ribinerfen proiektuak”.