Skip to main content

Puntuazio fasean dira Fagor Herrigintza lankidetza programan aurkezturiko eragileen proiektuak. Orotara, 38 proposamen jaso ditu Fagor Taldeak, era askotakoak. Eta, orain, oinarrietan zehazturiko irizpideen araberako balorazioarekin dabil. Ostean, bozketa fasea hasiko litzateke: puntuazio altuena lortu duten proiektuen artean bozkatu behar lukete Fagor Taldeko kooperatibetako bazkideek, Fagor Elkarrekin tresna sortu berriaren bidez. Bada, azaroan egingo da bozka prozesua, eta hartan egongo diren eragileek urriaren 24ko astean jasoko lukete jakinarazpena -bozka prozesura heldu ez diren eragileek ere jasoko dute jakinarazpena-. Bukatzeko, abenduaren 15ean egingo lirateke publiko Fagor Herrigintza lankidetza programaren dirulaguntzak jasoko lituzketen proiektuak.

Hain zuzen ere, hiru laguntza banatuko lirateke Euskal Herri hobeago bat eraikitzeko lanean dabiltzan gizarte egitasmoek abiaraziriko proiektuak babesteko: 60.000  eurokoa, 40.000 eurokoa eta 20.000 eurokoa. Horretarako, irailean zehar, martxan jarri berri edo jartzear dituzten ekimenak aurkeztu dituzte eragileek. Finean, horixe baita Fagor Taldearen lankidetza programaren xedea: proiektu berriak abiarazteko laguntza eskaintzea. Behinik behin, urtero egingo litzateke Fagor Herrigintza deialdia.

Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna “pozik” azaldu da Fagor Herrigintza lankidetza programaren lehen edizioak izan duen harrerarekin: “IPDKren banaketa sistema berrantolatu dugu, lehenengoz, Fagor Herrigintza lankidetza programa abiaraziz. Zerbait berria zen, eta, beraz, ez genekien nolaka harrera izango zukeen ekinbideak. Elkarte askok erakutsi du parte hartzeko interesa, eta proposamen ugari jaso ditugu, era askotakoak. Pozgarria da hori”.

Era berean, Fagor Herrigintza lankidetza programaren erroez mintzo, Fagor Taldeak komunitatearekin duen konpromisoa aipatu du Iraunkortasun arduradunak. “Fagor Taldea beti egon da konprometiturik komunitatearekin, era bateko edo besteko ekarpena eginez. Eta horren adierazle da Fagor Herrigintza lankidetza programa. Kasu honetan, IPDK banaketan urrats berri bat eginez, Fagor Taldeak balioan jarri gura izan du herrigintzan dabiltzan eragileen jarduna”, azaldu du.