Skip to main content

Fagor Taldeak esku artean du azken hilabeteotan landuriko mugikortasun iraunkorrerako plana. Orain, hartan bildurikoak aztertzea eta eraginkor izan litezkeen neurriak adostea dagokio. Hainbaten artean, Taldeko kide diren kooperatibetan mugikortasun jasangarrirako ibilgailuen erabilera errazteko bitartekoak jartzea (bizikleta eta patineteentzako aparkalekuak, barne lekualdatzeetarako bizikleta eta patineteak, auto elektrikoentzako karga puntuak…), garraio kolektiboa bultzatzeko ekinbideak bultzatzea (autobusa, auto partekatuak…) eta langileen lekualdatzea murrizteko neurriak abiaraztea (etxetik lan egiteko aukerak aztertzea, bilera telematikoetarako aukeran sakontzea…) biltzen ditu mugikortasun planak.

“Iraunkortasunaren erronkak barnebildurik du mugikortasunaren gaia. Debagoienean, industria eta herritarren eguneroko joan-etorriak dira karbono isuriaren zati handienaren eragile. Bateko eta besteko isuriak murrizteko neurriak dira beharrezko. Hain zuzen ere, horretarako bitarteko da mugikortasun iraunkorrerako plana”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Tecnaliak Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearentzat landua duen energia planaren arabera, 2019an, Debagoieneko karbono isurien %43 izan zen industria jardueratik eratorritakoa; eta, %37, mugikortasunari loturikoa.

Erakundeekin lankidetzan

Fagor Taldeak landuriko mugikortasun iraunkorrerako planak barnebildurikoak ez dira kooperatiba edo Talde barruko ekimenetara mugatzen. Badira, hainbaten artean, erakunde publikoekin lankidetzan abiarazi beharreko proposamenak, haien azpiegituretan eragina dutelako (kooperatiba inguruak oinezkoendako irisgarriago egitea, bidegorria hobetzea…) edo erakunde arteko ekimenak direlako (autobusen ibilbidetan geltoki berriak jartzeko aukera aztertzea, adibidez). Erakunde publikoen, bestelako eragileen eta Fagor Taldearen arteko lankidetza ez da ezer berria. Eta oraingoan ere, mugikortasun plan iraunkorrarekin, horretan sakontzea da asmoa.

Zentzu horretan, esangura handia izango du Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak –Fagor Taldea da haren bultzatzaile nagusienetako bat–. Besteak beste, hura da erakunde publikoen, bestelako eragileen eta enpresen elkarlanerako espazio, eta, hori horrela, erronken artean du bailara mailan mugikortasun iraunkorra bultzatzea. “Haren bidez landuko dira erakunde eta eragile desberdinen arteko lankidetza eskatzen duten mugikortasun iraunkorrerako ekimenak. Ikusi beharko da zein aukera eskaintzen dituen Debagoiena bailarak, zein konpromiso hartzeko prest dagoen sareko kide bakoitza eta nola eragin litekeen prozesuan. Horrek guztiak baldintzatuko ditu etorkizuneko ekintzak eta horien arrakasta”, azaldu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Fagor Mugi, mugikortasun iraunkorrerako bitarteko

Urteak dira Fagor Taldeak mugikortasun iraunkorrerako bitartekoak jartzeari ekin ziola, Fagor Mugi ekimenaren bitartez. Gaur-gaurkoz, Ciclogreen sakelako telefonorako aplikazioa da mugikortasun iraunkorrari loturik martxan duen ekimen nagusia. Hain zuzen ere, 2020an abiaraziriko ekimenak Taldeko kooperatibetako kideek lanerako bidean eginiko kilometro iraunkorrak (bizikletan, patinetean, garraio publikoan, auto partekatuan… egindakoak) gordetzen ditu, eta, ostean, sariak banatzen dira parte hartzaileen artean. Horien artean daude tokiko komertzioetarako erosketa bonuak, garraio publikoan erabilgarri den Mugi txarteleko kargak eta dohaintzarako aukerak… Gaur-gaurkoz, 580 pertsona baino gehiago daude izena emanda, eta, orotara, 450.000 kilometro iraunkor baino gehiago dituzte eginak guztien artean (2024ko martxoko datuak dira). Horrek, 100 tona CO2-ren isurketa saihestu du.


Auto elektrikoentzako karga puntuak

Auto elektrikoentzako karga puntuak jarriko dira Taldeko zenbait kooperatiben egoitzetan –horretarako, besteak beste, 20 plazako gutxieneko kopurua duen aparkaleku propioa da beharrezko–. Bazkideek prezio sozialean erabili ahal izango dituzte, horretarako sorturiko aplikazio bidez.


Auto partekatuaren erabilera bultzatzea

Auto partekatuak lanerako bideko mugikortasun iraunkorrean izan ditzakeen eragina eta aukerak ikusirik, haren erabilera bultzatu gura du Fagor Taldeak. Kanpaina berezi bat abiaraziko du horretarako. Auto partekatua bitarteko eraginkor litzateke, besteak beste, distantzia luzeko lekualdatzerako.


Bizikletak prezio murriztuan eta karga puntuak

Bizikleta ekoizleekin eginiko akordioari eta sorturiko laguntza lerro bati esker, Fagor Taldeko kooperatibetako bazkideek prezio murriztuan eskuratu ahal izango dituzte zenbait bizikleta elektriko eta patinete. Era berean, karga puntuak jarriko dira bizikleta elektrikoentzako.