Skip to main content

Mondragon ZTIM HUB ekinbidea sortu da Debagoienean, ikastetxeen, enpresen, gizarte eragileen eta udalen artean heziketa sare egonkor bat sortu guran. Eta  haren parte da Fagor Taldea. Oro har, askotarikoak dira egitasmoaren jardunbideak, baina, gaur-gaurkoz, bakarra da parte hartzaileen helburu orokorra: gazteen artean zientzia, ingeniaritza, teknologia eta matematika sustatzea. Debagoienekoa da proba pilotua. Ostean, Euskal Herriko beste leku batzuetara zabaltzea litzateke asmoa -Goierri litzateke hurrengo jardun lekua-.

Gauzak horrela, gisako sareak sortzearen garrantzian jarri du mira Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak: “Etorkizuneko talentua sustatzeko eta hartarako bitarteko egokiak eskaintzeko ahaleginean dihardugu. Bide horretan, bailarako hezkuntza eragile garrantzitsu dugu Mondragon Unibertsitatea, eta, beraz, garrantzitsua da harekin elkarlanean jardutea”.

Oro har, proiektuak ZTIM bokazioa sustatu gura du gazteen artean -emakumezkoen artean, bereziki-, eta, horretarako, alorrei loturiko lanbideak bistaratzea, genero aurreiritzirik bariko orientazioa, ZTIM jardueretan esku hartzea eta ikastetxeetako hezkuntza proiektuetan eragitea ditu xede nagusi. Dagoeneko badira horretarako zenbait abiapuntu: Mondragon Unibertsitateak abian dituen  ZTIMULab eta Kolaborategia. “Esan daiteke bi horien batasun puntua izango dela Mondragon ZTIM HUB”, argitu du Gestio Sozialeko arduradunak.

Hainbat eragile elkarlanerako

Egitasmoaren bultzatzaileak jakitun dira gisako proiektuak elkarlanean abiarazteak duen garrantziaz. Kasu honetan, hainbat profileko parte hartzaileak daude mahai desberdinetan banatuta. Enpresen Mahaiko kide da Fagor Taldea. “Norberak haren ekarpena egiten du dagokion alorretik, eta asmoa da guztien artean egitasmo osoago bat eraikitzea”, azpimarratu du Gestio Sozialeko arduradunak. Enpresen Mahaiak urtarrilaren 26an egin zuen orain arteko azken saioa, besteren artean, antolaketaz, helburuez eta konpromisoez jarduteko.

Dagoeneko martxan dira Mondragon ZTIM HUBi loturiko zenbait ekintza: hitzaldiak, hausnarketa saioak, zenbait enpresekin elkarlanean abiaraziriko ekintzak -tartean daude Fagor Electrónicarekin batera gaiaren inguruan eginiko bideoa eta hondakinen inguruko tailerra-, First Lego League moduko hitzorduak, aldian aldiko dinamikak… Eta, aurrera begira, eskaintza indartzea aurreikusten da. “Ikastetxeen eta enpresen arteko harreman sarea sustatu gura du Mondragon ZTIM HUBek, eskualdeko gazteek etorkizuneko aukera moduan ikus ditzaten bertako enpresak. Horretarako bitartekoak jarriko dira”, argitu du Okarantzak.

Idatzi iruzkina