Skip to main content

Hospitality egitasmoa aurkeztu berri du Mondragon Korporazioak, hotelen sektorean eta sektore soziosanitarioan lankidetzan oinarrituriko eskaintza bateratu bat egin guran. Hain zuzen ere, bederatzi dira egitasmoak barnebildurik dituen kooperatibak, eta Fagor Taldekoak dira horietako zenbait: Fagor Electrónica eta Onnera Contract -haren parte da Fagor Professional-. Haiekin batera, Enea, Erreka, Gerodan, Kide, Krean, Ondoan eta Ulma dira proiektuaren parte. Bada, hotelen sektorearen bueltan Donostiako Basque Coulinary Center-en eginiko jardunaldi monografikoen barruan aurkeztu da Mondragon Korporazioaren zigilua daroan Hospitality. Kooperatibetako eta erakunde publikoetako zenbait ordezkarik esku hartu dute aurkezpen hitzorduan. Tartean izan dira Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakaria, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburua eta Reyes Maroto Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroa.

Lankidetza, erdigunean

Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakariarena izan da Hospitality aurkeztearen ardura. Oro har, egitasmoak bultzaturiko lankidetzan jarri du mira. Eta, bide batez, haren beharra azpimarratu du enpresentzat “oso zaila” den garaiotan: “Mondragon Korporazioaren barruan hala egiten dugu, eta beste enpresa eta erakunde batzuekin ere egin nahi dugu”. Kasu honetan, bi lirateke Hospitalityren baitan bultzatu den lankidetzak lituzken helburu nagusiak: gaitasunak biderkatzeko borondateak batzea eta sektorerako dagoen eskaintzaren handitasuna zein aniztasuna ikusaraztea.

Gainera, Hospitality ez da edozelako egitasmoa: Estatuko ekimen nagusienen artean da hotelen turismo sektorearekin eta sektore soziosanitarioarekin lotutako industria jardueren zein zerbitzuen alorrean. Zehatz esanda, gaur-gaurkoz, hotelen eta turismoaren arloan edota sektore soziosanitarioaren bueltako jardueretan, 4.000 pertsona baino gehiagori ematen diete lana Hospitality barneko kooperatibek zein enpresek. Horietan, 500 milioi euro baino gehiagokoa da negozio zifra.

Bada, egitasmo berriak hasia du bidea. Eta dagoeneko badu produktu eta zerbitzuen katalogo oso bat. Hartan, altzarien diseinua eta fabrikazioa, sarbide automatikoak, telebista, multimedia eta konektibitate soluzioak, hoteletako ekipamendu integrala, hotz kamerak, arkitektura eta ingeniaritza zerbitzuak, instalazio ingeniaritza, ingurumena eta energia, sukalde ekipamendua, F&B eremuak eta ikuztegia modukoak aurki daitezke.

Aurkezpen bideoa landu dute: