Skip to main content

Queretaron (Mexiko) eta Stahringenen (Alemania) dituen filialen hogeigarren urteurrena ospatu du Mondragon Assembly Taldeak. Bada, nazioartekotzean urrats berri bat eginez, bi lantegi berri jartzea erabaki zuen kooperatibak 2002. urtean. Ordura arte, bakarra zuen nazioartean, Orangekoa (Frantziako Estatua). Hala, bi hamarkadako ibilbideari errepasoa eginda, bi filial berri jartzearen erabakia “egokitzat” dute kooperatibako ordezkariek. “Hazi egin dira urtez urte, bai salmentetan, eta, baita, pertsona kopuruan ere, euren herrialdeetan automatizazio alorreko erreferente bihurtuta”, azaldu dute.

Malgutasuna eta egokitzeko ahalmena

Orain arteko ibilbidean,  bezero bakoitzaren beharretara egokitzeko gaitasuna erakutsi du Mondragon Assemblyren Alemaniako filialak, sektore ezberdinetako proiektuekin jardun baitu, bakoitzaren eskakizunen araberako soluzio pertsonalak eskaintzeko ahalmena indartuz. “Urte hauetan, proiektu bereziak landu dira, balio teknologiko handikoak, besteak beste, automozioaren, baterien eta eguzki energiaren sektoreetan. Proiektu bakoitza bakarra da. 20 urteko esperientziari esker, filiala gai da bezeroen benetako beharra zein den antzemateko, eta, horrela, balio erantsi handiko soluzioak eskaintzeko”, adierazi du Alemaniako filialeko zuzendari nagusi Peter Szepanskik. Gaur-gaurkoz, 57 langile dabiltza Mondragon Assembly Stahringenen.

Erreferente, lerro automatiko eta erdiautomatikoetan

Mexikoko filiala erreferente bihurtu da lerro automatikoetan eta erdiautomatikoetan -batez ere, automozioaren sektorean-.  Egun, haren gaitasunaren %100ean dabil lantegia, eta “positiboak” dira datozen hilabeteetarako aurreikuspenak. “Gaur egun, 128 langileko taldea du Mexikoko filialak. Eta hazkunde garrantzitsua aurreikusten da merkatuaren beharrei aurre egin ahal izateko, eta, horrela, eskualdeko erreferente gorena izaten jarraitzeko”, adierazi du Queretaroko filialeko zuzendari nagusi Ricardo Bustamantek. “Oraintxe bertan, taldea buru-belarri dabil proiektuen itxierarekin, horien epeak eta kalitatea zainduz, horixe izan baita, betidanik, filialaren ezaugarri nagusia”, gaineratu du.

Queretaroko filialak urriaren 1ean ospatu zuen hogeigarren urteurrena. Langile guztiak izan ziren bertan, Mondragon Assembly Taldeko hainbat kiderekin batera. Ospakizunean zehar, eskerrak eman zitzaizkien Mondragon Assembly Queretaroko taldea osatzen duten pertsona guztiei egindako ahaleginagatik, izandako grinagatik eta dedikazioagatik.

Nazioarteko presentzia

Gaur-gaurkoz, sei filial eta hiru bulego komertzial ditu Mondragon Assemblyk. Kooperatibak 1994an erabaki zuen nazioartekotze estrategiari ekitea, atzerriko presentzia handitzeko helburuarekin, harekin, balizko bezeroen proiektu berriak harenganatzeko. Ia hiru hamarkada igarota, sei filial ditu Mondragon Assemblyk. Horiez gain, salmenta, ingeniaritza eta zerbitzu alorreko hiru bulego ditu.