Skip to main content

Fagor Professional kide den Onnera Contractek eskuratu du azken urteetan Aragoin egin den hotel proiektu handiena den Royal Hideaway Canfrancen sukaldeak, buffetak, tabernak, jatetxea eta garbiketa guneak hornitzeko enkargua. Luxuzko hotela da, Aragoiko talde inbertsore batek eta Barceló Hotel Groupek bultzaturikoa, Pirinioetako bihotzean dagoena, Canfranceko tren geltoki internazionala egon zen tokian. Gaur egun, kultura ondare gisa dago katalogatuta eta 1928an inauguratu zen. Hain zuzen ere, Oñatiko (Gipuzkoa) eta Huescako (Aragoi) lantegietan ekoitzitakoekin aseko dute proiektua. Onnera Goupeko ordezkarien esanetan, enkargu berriak enpresa taldearen gaitasuna berresten du.

Ramon Gomez Ugalde Onnera Groupeko zuzendari korporatiboak garrantzitsutzat du ekinbide berria, “ez dimentsio ekonomikoagatik, enpresa taldeari eskaintzen dizkion aukerengatik baizik”. Orotara, milioi bat euroko operazioa izango da, eta hasieratik bukaerara zuzenduko du proiektua Onnera Groupek. Enpresa taldearen gaitasunean jarri du mira zuzendari korporatiboak: “Luxu handiko hotelak eta bost izarretako hotelak egiteko daukagun gaitasuna ez du beste edonork. Beste bi enpresarekin batera, hiru onen artean gaude, eta Canfranceko Royal Hideaway hotelak aukera ematen digu gure indarra, gaitasuna, eredua eta balioak erakusteko”. Ohi moduan, Onnera Groupek prozesuaren hasieratik egin du bidea bezeroarekin, “aholkatuz eta zerbitzu onena eskainiz”.

Lanak, urte amaierarako bukatuta

Aurreikuspenen arabera, hotela zabalik legoke 2022-2023 eski denboraldirako. Bada, azken fasean daude Royal Hideaway Canfranc hotelaren lanak. “Oso lan konplexua da. Horren adierazle, esaterako, bi tren bagoi zahar berreskuratzeko ahalegina. Jatetxe gisa erabiliko litzateke horietako bat; eta, bestea, jantokia litzateke. Instalazio nagusiaren kanpoaldean leudeke horiek”, argitu du Gomezek.