Skip to main content

Kilometro iraunkorrak pilatzen darrai lanerako bidean mugikortasun iraunkorra bultzatu guran Fagor Taldeak martxan jarria duen Fagor Mugi aplikazioak. Erabiltzaile kopuruari dagokionez, sortzetik hartua duen goranzko joerari eutsi dio 2022an -ia %19 egin du gora-.  Eta 211.949 kilometro egin dira orotara, 45.157 CO2 tonaren isurketa saihestuz. Zehatz esanda, Fagor Taldeko kooperatibetako kideek lanera bidean bizikletaz, oinez, garraio publikoan, auto partekatuan, patinetez… eginiko lekualdatzeak barnebiltzen ditu aplikazioak, eta parte hartzaileek sariak jasotzen dituzte trukean -tokiko komertzioetarako erosketa bonuak, EAEko garraio publiko sarean erabilgarri den Mugi txartelerako doako kargak…-.

Besteren artean, aplikazioaren goranzko joeran jarri du azpimarra Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Goraka doa mugikortasun iraunkorraren alde egiten duen pertsona kopurua, eta nabari da Fagor Mugi aplikazioan. Geuretik, enpresen alorretik, bultzada eman gura izan genion mugikortasun iraunkorraren erronkari. Jakin badakigu asko garela egunerokoan Fagor Taldeko kooperatibetara doan pertsona kopurua, eta, ahal dugun heinean, guztion lekualdatzeak iraunkor bilakatzen saiatu beharra dugula. Horretan lagundu gura du Fagor Mugik”.

Mugikortasun Iraunkorrerako Plana, lanketa fasean

Fagor Taldeak erronken artean du mugikortasun iraunkorra bultzatzea, eta, bide horretan, Fagor Mugi ez ezik, badira martxan dituen bestelako ekinbideak ere. Are: Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren lanketarekin dabil uneotan.  “Ez du Fagor Taldera mugatu gura. Hortik harago joan gura du. Helburua da Debagoiena mailako plan bat lantzea. Tartean, sinergiak bila daitezke kooperatiben eta bailarako erakunde publikoen artean, besteren artean, Debagoiena barruko mugikortasun aukera desberdinen antolaketa egokirako. Aukerak egon badaude”, argitu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Aurten bukatuko litzateke Fagor Talde osorako ekintzak barnebilduko lituzkeen plana, eta horretan sakontzen jarraituko litzateke, hortik harago eginez, Debagoiena mailako proposamen sorta bat landuz. Besteren artean, kooperatibetan auto elektrikoentzat karga puntuak jartzeko beharra du identifikaturik orain arteko lanketak, eta, beraz, horretan lanean hasia da dagoeneko Fagor Taldea.