Skip to main content

Puntako teknologiak eta prozesuak eskaintzeko etenik bariko ahaleginean, jauzi teknologiko berria eman du Fagor Arrasatek. Oraingoan, laser bidezko ebaketa sartu du altzairua eta aluminioa prozesatzeko haren lerroetan. Hari esker, gaitasun teknikoak hobetu ditu Fagor Taldeko kooperatibak, eta jarduera-sektore berrietan jardun ahal izatea dakarkio horrek. Besteren artean, aurrerapauso berriekin, auto elektrikoaren sektorean dabil eta salmenten hazkundea ekar lezake horrek. Fagor Arrasate aditu da material metalikoak eta konpositeak konformatzeko edota prozesatzeko soluzioen garapenean.

Hain zuzen ere, laser bidezko ebaketa-teknologia gehitu dio kooperatibak bobina metalikoak prozesatzeko jarduerari, haren gaitasun teknologikoak indartuz -laser bidezko ebaketa soluzioen lanketan eta simulazio-softwarearen garapenean, kasurako-, eta, beraz, eskaintza osatuagoa eta berritzaileagoa daroa merkatura. Bide horretan, Fagor Arrasatek Danobatgroupekin jardun du elkarlanean: teknologia horretan duen ezagutza eta merkatuan duen esperientzia pizgarri izango dira jarduera-nitxo berrietan sartzeko. Horien artean dira ibilgailu elektrikorako osagai berrien fabrikazioa, klimatizazioa, menajea eta altzairuzko deposituak. Aurreikuspenen arabera, laser bidezko ebaketa-linea berriek 10 eta15 milioi euro arteko salmenta gehigarriak eragin ditzakete 2024an.

Fagor Arrasateren eskaintza ez da egun batetik bestera landurikoa. Zehatz esanda, merkatuaren lehiakortasunean sakondu guran, Mondragoneko Industria Automatizazioko eta Makina Erremintako dibisioko kide diren Fagor Arrasatek eta Danobatgroupek duela zenbait urte hasitako lankidetza estrategiaren barruan da eman berri den jauzi teknologikoa.

Laser bidezko ebaketa, ohiko ebaketa-lerroen alternatiba

Bobinatik abiatutako laser bidezko ebaketa-lineak, prentsa bidezko ohiko ebaketa-lerroen alternatiba dira eta malgutasun handiagoa eskaintzen dute  ekoizpen-kadentzia handirik behar ez duten merkatu-segmentu jakin batzuetan -esaterako, elektro-mugikortasunak sortzen dituen nitxo berrietan-. Eta, oro har, baditu zenbait abantaila. Besteren artean, laser bidezko ebaketa-zelula batez daude horniturik. Bada, gisakoak egokiagoak dira ekoizpen-beharren aldaketetara moldatzeko -edozein pieza ekoiztu ahal izango dute edozein unetan, erraz eta arin-. Bestetik, ez dute formatuak mozteko trokelik. Hori horrela, ia berehalakoa da erreferentzien produkzio-aldaketa, trokel-aldaketek eragindako produkzio-geldialdiak saihestuz. Eta malgutasun handiagoa eskaintzen du geometria konplexuko piezak fabrikatzeko. Horietan geratu barik, ostera, ekoizpen-kostuak murriztu egiten dira laser bidezko ebaketan, hainbaten artean, materialaren erabileraren optimizazioak eta alferrik galdutakoaren murrizteak eraginda. Gainera, txikiagoak dira instalazioaren kostuak, batez ere, lerroa trinkoagoa delako eta trokel aldaketarako bitarteko gutxiago behar direlako -ez du zulorik, eraikin alturik edo garabirik behar-.

 

Idatzi iruzkina