Skip to main content

Eraikuntzako azken fasean da Hirekin berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarrirako zentroa. Hori horrela, dagoeneko sortua dago erakunde publikoez, babesleez, sustatzaileez eta Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko ordezkariez osaturiko aholku-mahaia. Tartean da Fagor Taldeko ordezkaritza, izan ere, orotara  2 milioi euroko ekarpena egingo du kooperatiba taldeak Gizabidea Fundazioaren bidez. “Hirekinekin, lankidetzarako gune bat sortuko da enpresa, ekintzaile, ikertzaile eta ikasleentzat, industria jasangarri baten eta ekonomia lehiakorrago baten alde lan egiteko”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Hain zuzen ere, ekintzailetza industrial eta teknologikoa, digitalizazioa eta jasangarritasuna (ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari loturikoa) izango ditu oinarrian.

Egitasmo irekia den aldetik, oraindik ere aukera dago harekin bat egiteko, besteak beste, aholku-mahaiko parte-hartzaile bilakatuz (estrategian lagunduko luke); babesle izanda (ikasleentzako eta ekintzailetza-proiektuetarako bekak eskainiko lituzke) edo sustatzaile bezala bat eginez (proiektuak erakarriko lituzke, eta parte hartuko luke gobernantzan, beti ere, kooperatiben balioak oinarri). Gaur-gaurkoz, hamar erakunde baino gehiagok dute bat egina Hirekinekin -tartean da Fagor Taldea-, eta parte hartzaile berriak espero dira aurrera begira.

Industria jasangarria

6.000 metro karratuko industria-espazioa eskainiko du Hirekinek, prototipoak, simulazioak eta esperimentuak egiteko ekipamenduz horniturikoa. Besteren artean, lantegi eta konputu-gelak, ko-sorkuntzarako guneak eta bilera-gelak eskainiko ditu. “Ingurumen-jasangarritasuna ardatz, egungo industria zirkularrago bihurtzeko irtenbide berriak bilatuko ditu zentroak, baita ingurumen-helburuekin bat datozen jarduera ekonomiko berrien sustapena ere. Gainera, aukera eskainiko du negozioen dibertsifikazio proiektuak ikasleen, unibertsitateko ikertzaileen eta kooperatiben elkarlanean oinarriturik gauzatzeko”, adierazi du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.