Skip to main content

Hamarkada bat igaro da Harreman Arrasateko GKEan erabateko boluntariotzaren aldeko erabakia hartu zenetik. Horrenbestez, ospakizun hitzorduetan dira murgildurik. Finean, bestelako eredu batekin jardun zuten 2011. urtera bitartean: langile bat zuen dendak, eta halaxe iraun zuen 2008an hasitako krisiak gogor jo zuen arte. “Ikusi genuen egitasmoak -bere horretan- ez zuela ibilbide luzerik. Galeren eta abarren eraginez, ez zen iraunkorra. Proiektuan sinetsita, beste eredu baten alde egiteko hautua egin genuen, 30 pertsonako boluntario sarea ehunduz”, argitu du Cristina Etxenausia Irure Harreman Dendako boluntarioak. Askotarikoak dira haien zereginak -horien artean da dendako txandetan esku hartzearena-. Orain, urteurrena probestuz, boluntario sarea ehuntzen segitzeko saiakeran dihardute, eta, horren haritik, Fagor Taldeak zenbait konpromiso ditu hartuak eurekin. Bada, boluntario gisa jardun gura duenak, Arrasateko Musakola auzoan dagoen Harreman Dendan du izen-ematerako aukera -Eroskiren eraikinean dago-.

Oro har, Harreman Dendako salgaiak ez dira edozelakoak. Historia bat dago horietako bakoitzaren atzean, eta aldaezinezko zenbait baldintza: tokian tokiko ekoizpena bultzatzen da, bidezko diren soldatak eta baldintzak bermatuz, emakumeen ahalduntzean edota genero berdintasunean sakonduz eta jasangarria den ustiatze eredua zainduz. Hori horrela, Asia, Afrika edo Latinoamerika moduko lekuetan osoki landuriko produktuak, zein, hasierako prozesua lurralde horietan eginda, Europan ekoitzitakoak saltzen dira bertan, beti ere, bidezko merkataritzaren filosofia oinarri. Dena de, hortik haragokoak dira helburuak. “Produktuak saltzeaz aparte, kontsumo ohituren inguruko kontzientzia piztu gura du Harreman Dendak. Besteren artean, ekonomia eredu ezberdinak ezagutarazteko hitzaldiak, txokolatearen ekoizpenaren inguruko sentsibilizazio kanpainak… antolatzen dira horretarako”, azpimarratu du Mikel Elexpuru Lete boluntarioak.

Boluntario sarea ehuntzen

Harremaneko ordezkariak “pozik” dira duela hamar urte harturiko erabakiaz -erabateko boluntariotzaren aldeko hautua egin zuten-: “Erabaki egokia izan zen. Boluntario sarea mantendu dugu azken hamar urteotan, eta, horrek, eragina izan du proiektuaren antolaketan eta seriotasunean”. Esan barik doa Debagoieneko hainbat GKEren batasunetik sortu zela proiektua, eta, boluntarioekin batera, haiek ere badaudela ordezkaturik Harreman Dendaren zuzendaritzan. Horiek guztiek marrazten dituzte etorkizuneko norantza eta norabidea.

Ostera, gisako boluntario sareetan esku hartzearen garrantzian jarri du azpimarra Fagor Taldeak. “Askotarikoak dira gizartearen, herriaren, lurralde zaurgarrienen… alde lan egiten dituzten ekinbideak. Bide horretan, ikaragarria da Harreman Dendak mundu hobeago eta justuago baten alde egiten duen lana. Gure bailara aberatsa da boluntariotzaz mintzo garenean. Eta halaxe segitu beharra dugu, gizarte egitasmoen parte aktibo izaten. Sekulako garrantzia du boluntariotzak”, aitortu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Bi hamarkadako historia

Bi hamarkadako historia du Harreman Dendak. Finean, helburu berdinarekin ziharduten pertsona ezberdinen batasuna du oinarrian. Eta besteen aldeko lanak zein herri txirotuen beharrak arintzeko konpromiso iraunkorrak batu zituen horiek guztiak. Horren ondotik, askotarikoak dira orain arteko ibilbidean bultzatuak dituzten egitasmoak, antolatuak dituzten hitzorduak… Eta, oro har, berdina izan da helburua: Arrasateri eta bailarari gutxien dutenen egoera hurbilagotik ezagutzeko zein haiei laguntzeko aukera eskaintzea. Orain, bi hamarkada beranduago, berdinean segitzeko konpromisoa berretsi dute.

Fagor Taldeko kooperatibetako zenbait kide ohi daude Harreman Dendaren boluntario sarean. Hartan parte hartzearen garrantziaz, boluntario gisa bizitakoez… jardun dute.