Fagor automozio sektorearen eraldaketan partaide garrantzitsua dela azaldu du Gara egunkariak erreportaje batean, Taldeko kooperatibek egiten duten ekarpenetan sakonduz. Munduko automobil ekoizle nagusien hornitzaileak dira Fagorreko kooperatibak. Gaur egun, zenbait dira sektore honi ekarpen garrantzitsua egiten diotenak eta bezeroen eskaera berrietara egokitzen direnak, puntako soluzioak eskainiz.
Esate baterako, autoen eraginkortasuna hobetuko duten osagai arinagoak garatzen ditu Fagor Ederlanek. Horien artean, ibilgailu elektrikoei zuzendutako bateria arinen ekoizpena; birziklagarritasuna eta isuriak hobetzeko teknologia berrien ikerketa; eta hidrogenoaren teknologiaren garapena dira aipatzekoak. Horien inguruko ideiak produktu, material edo prozesu berrietan bilakatzeko, Edertek teknologia zentro “berezi eta esklusiboa” du. Honako hau gaineratu du Gara egunkarian: “Ekoizpen errealeko instalazioak ditugu, produkzio planten parekoak direnak, garapen berriak lantegietara zuzenean transferitzeko. Europan ez dugu horretarako gai den lehiakiderik”.
Bestetik, autoen zentralitetan edo seinaleztapen zein argiztapen sistemetan doazen erdieroaleak eta energia kudeatzeko sistemak (EMS) ekoizten ditu Fagor Electronicak. Ibilgailu elektrikoaren garapenak eragina izan du harengan. “Auto elektrikoaren zehaztapen teknikoak ez dira erregaiak erabiltzen dituztenen berdinak, eta horrek erronka berezia suposatu du, berrikuntza eta produktuen zein sistemen garapenari dagokionez. Erronka horiek guztiek behar moduko erantzuna izan dezaten ari da lanean kooperatiba”, azaldu du Fagor Electronicak.
Alor berdinean diharduen beste kooperatiba bat Fagor Arrasate da. Zehatzago esanda, trantsizio elektriko azkarragoa eta eraginkorragoa ahalbidetzen die automozio sektoreko bezeroei. Birmoldaketa horrek fabrikazio-teknologia berriak garatzera bultzatu du kooperatiba. Era berean, argi utzi dute Gara egunkarian, ahalegin horrek badituela emaitzak: “Adibidez, Volkswagen markarentzat teknologia aurreratuak biltzen dituen prentsa mekanikoen hornitzaile nagusia bihurtu gara eta orain gutxi Nafarroako lantegirako prentsa berria egin dugu”.
Elkarlana
Mondragon Assemblyrekin elkarlanean dihardu Taldeko zenbait kooperatibekin, besteak beste, Fagor Arrasaterekin, Koniker ikerketa zentroaren bidez. Autoetako osagaiak ekoizteko muntaketa-lerro automatikoak diseinatu eta garatzen ditu Mondragon Assemblyk. Honako hau azpimarratu du kooperatibak Gara egunkarian: “Prozesu horretan berrikuntza teknologikoa oso presente dugu, oso beharrezkoa baita produktuen kalitatea eta trazabilitatea bermatuko duten puntako soluzioak eskaintzen jarraitzeko”.
Beraz, esan daiteke, etenik gabeko berrikuntzatik, automozio sektorean trantsizioaren parte bilakatu dela Fagor Taldea.