Skip to main content

Fagor Electrónica kooperatiba da Adimen Artifizialeko Shaking HUB komunitateak abiaraziriko ekimen berriaren lehen protagonista. Hain zuzen ere, urrian sortu zen Shaking HUB, eta, besteren artean, Mondragoneko kooperatibek arloan landuriko arrakasta egitasmoak ezagutaraztea du xede nagusi. Bada, asmo horrekin, Fagor Electrónicaren Smart Data Services departamentuari buruzkoak ditu jorragai ekinbidearen baitako lehen bideoak. Fagor Electrónicarekin batera, Lortek, Mondragon Unibertsitatea, Laboral Kutxa eta Erreka dira proiektuko partaide.

Zehatz esanda, 2000. urtean sortu zen Smart Data Services, Fagor Electrónica kooperatibaren departamentu moduan. Haren bidez, garraio kudeaketarako puntako software irtenbideak eskaintzen ditu Fagor Taldeko kooperatibak, beti ere, bezeroen negozioen errentagarritasunean eta lehiakortasunean aurrera urratsak egin guran. Eta askotarikoak dira Fagor Electrónicak ordutik abiaraziak dituen zerbitzuak. Gaur-gaurkoz, hiru produktu ditu jarriak bezeroen eskura: Flotasnet, Ubika eta Smartdata Car.

Urrian abiaraziriko proiektua

Urrian abiaraziriko proiektua da Shaking HUB, eta Adimen Arifizialean interesa duten pertsonen arteko sarea lantzen segitzea da haren helburu nagusia. “Teknologiak eta talentuak bat egingo dute komunitate berrian, pertsonak eta proiektuak, gizakia eta makina batuko dira, inspiratzaile izateko asmoz”, azaldu dute ekinbidearen bultzatzaileek.

Hemen dago ikusgai Shaking HUBek landuriko lehen bideoa: