Skip to main content

Bueltan da The Battery Show azoka, bateria moduko produktuen elektrifikazioan eta balio kate osoan aditu diren enpresa eta profesionalen erreferentziazko topalekua -Messe Stuttgarten (Stuttgart) egingo da, maiatzaren 23tik 25era bitartean-. Sektorean dihardutenek inoiz baino interesgarriago aurreikusten dute aurtengo edizioa, bateria aurreratuen eta ibilgailu elektrikoen teknologia-komunitatearentzako lehentasunezko hitzordu den aldetik, mugikortasunaren elektrifikaziorako esangura handikoa den sektore batean landurikoak partekatzeko, ezagutzeko eta aztertzeko aukera eskainiko duelako. Bertan izango da Fagor Ederlan, hainbaten artean, haren bateria iraunkorra aurkezten. “Baterien sektorean hitzordu garrantzitsuenen artean dagoenez, The Battery Show Europe 2023 azokak aukera paregabea eskainiko dio Fagor Ederlani haren Battery Packsak eta mugikortasun elektrikorako osagai aurreratuak aurkezteko”, aitortu dute kooperatibako arduradunek.

Bada, mugikortasun iraunkorrago eta efizienteago baten aldeko lanean darrai Fagor Ederlanek. Besteren artean, ibilgailu elektrikoentzako osagaien ekoizpenean eta sistemetan aditu denez, eragile aktibo izan gura du mugikortasun iraunkorrerako trantsizioan.  Horretarako, eredu horretan sakontzen jarraitzeko funtsezko zaion ikerketarako eta garapenerako inbertsioekin dihardu, bilakaerarekin segitzeko zereginean erdigunean baitu haren bateria sistemen eta balio katearen egokitzea.

Besteak beste, tentsio altuko bateria sistementzako balio-proposamena aurkeztu berri du Fagor Ederlanek, modularra, eskalagarria eta kostuetan lehiakorra den soluzio bat eskainiz. Gainera, likidoen kudeaketa termikorako eta kimikorako NMC edo LFP puntako teknologiak darabilzki, haren eskaintzaren moldagarritasuna bermatuz. “Sektoreko eragile nagusiekin jarduteko eta mugikortasun elektriko iraunkor eta efiziente batera bidean ekarpena egiten jarraitzeko helburuekin doa Fagor Ederlan Stuttgartera”, azaldu dute kooperatibako arduradunek.