Skip to main content

Azken urtean egindakoaren inguruan jarduteko eta aurrera begirakoak adosteko helburuz, gaur, ekainaren 2an, egin du urteko Batzar Nagusia Fagor Taldeak Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia Poloan. Askotarikoak izan dira jorraturiko gaiak, baina, oro har, bi izan dira ekitaldiko hitzartzeetan azpimarraturikoak: erronkei aurrea hartzeko ahalegina eta komunitatearen aldeko lana. Bada, 2022an, 1.819 milioi euroko salmentak izan ditu Fagor Taldeak -iazkoarekin alderatuta, %17koa izan da hazkundea-, eta 46 milioi eurokoak izan dira irabaziak -Euskal Herrian geratu da irabazien %87-. “Oro har, pozik egoteko moduan gaude salmentetan. Bezero berriak lortu dira, zeudenak egonkortzearekin batera. Bezeroek konfiantza dute Fagor Taldeko kooperatibengan, eta nabari da emaitzetan. Hori bai, energiaren prezioaren gorakadak eta hornidura kateetan izaniko gorabeherek eragina izan dute mozkin tarteetan”, argitu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak, urteko datu ekonomikoez mintzo.

Ostera, berrikuntzaz eta lehiakortasunaz egin dute berba Batzar Nagusian, azpimarra, kooperatiba taldeak HIREKIN berrikuntza eta ekintzailetza zentroari eginiko ekarpenean jarriz. Hain zuzen ere, ekinbide berria lagungarri izango zaio Fagorri ekonomia digital eta zirkular baten testuinguruan lehiakorrak izan edota enplegua sortzen segitzeko helburuz abiarazia duen negozioen eraldatze prozesuan, besteren artean, bide horretan dabiltzan eragileen -hezkuntza eragileak, enpresak…- elkargune izango baita. Zehatz esanda 2 milioi euroko ekarpena egingo dio Fagor Taldeak ekinbideari -10 milioi euroko aurrekontua du-.

Eta horretan geratu barik, gobernantza eredu demokratikoa garatzen segitzeko konpromisoz ere badarrai kooperatiba taldeak. Bide horretan, heziketa kooperatiboan sakontzeko aurrera urratsak egitearekin batera, kontziliazio neurriei eragiten dieten arauak berritu ditu -ordutegi malgua, eszedentziak, jardun murrizketak eta baimenak-. Horrez gainera, Iraupen Mugatuko Bazkideen figura berrikusi eta erregulazio berria onartu dute kooperatiba taldeko bazkideek.

Eta talentua erakartzeko helburuaren garrantzia berretsi du Fagor Taldeak gaurko batzarrean. Batez ere, zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematikaren alorreko ikasketak dituztenei begirakoa izan da hitzartzea. “Erronka potoloak datoz, eta etenik bariko berrikuntzan murgildurik dira Taldeko kooperatibak. Testuinguru berriei behar moduko erantzuna emateko, pertsona prestatuak behar dira. Ikasleek jakin behar dute Fagorren badagoela lanerako eta garapen profesionalerako aukera, genero estereotipoak alde batera utzita. Debagoieneko ehun industrialak aurrera egingo badu, haien beharra du. Hori ikusarazteko lanean dabil Fagor Taldea, hezkuntza eragileekin elkarlanean”, argitu du Taldeko lehendakariak.

Urrats berriak, energia berriztagarrietan

Energia berriztagarrietan sakontzen darrai Fagor Taldeak, barne mailan zein lurraldeko komunitateari begirakoan. Esaterako, 2022an, teilatu fotovoltaikoa jarri du Fagor Automation kooperatibaren Eskoriatzako (Gipuzkoa) lantegian. Harekin, gaur-gaurkoz, enpresak beharrezko duenaren %6,33 sor dezake. Aurrera begira, egitasmoa kooperatiba gehiagotara zabaltzea da asmoa. Eta, kanpora begira, Debagoieneko energia komunitate desberdinetan parte hartzen -Leintz Bailarako Ekiola, Berener, Ixotzen…- eta energia sorkuntzarako azpiegitura komunitario handiagoetan jarduteko aukera aztertzen dabil Fagor Taldea. Bestetik, erdigunean du jarria haren kooperatiben emisioak murriztearen xedea. Hori horrela, dagoeneko Taldeko zortzi kooperatibetatik zazpi dabiltza emisioen neurketarako tresnarekin.

Komunitateari, ekarpena

Fagor Taldeak sortzetik dihardu komunitatearekin konprometiturik, unean uneko beharrak eta erronkak identifikatuta, beharrezko litzatekeen ekarpena eginez. Hori horrela, 2022an ere, legez ezarria dagoen %10 barik, urteko irabazien %12 bideratu du gizarte ekimenetara. Orotara, 2,8 milioi euro bideratu ditu 2022an. Berrikuntza moduan, Fagor Herrigintza lankidetza programa abiarazi du lehenengoz, deialdi publikora aurkezten ziren egitasmoen artean hiru lagunduz -120.000 euroko laguntza eman zuen guztira-. Hain zuzen ere, 2022an, Zaporeaken -60.000 euro-,  Itsas Salbamendu Humanitarioaren -40.000 euro- eta Seaska ikastolen federazioaren -20.000 euro- egitasmoak babestu ditu Fagor Taldeak. Horrez gain, 937.860 euroko ekarpena egin dio Debagoiena 2030 iraunkortasun sareari; eta, 602.460 eurokoa, Gizabidea Fundazioari.