Skip to main content

Energiaren Puntua sortu da Debagoiena 2030 iraunkortasun saretik, energia-komunitateak sustatzeko bulegoa, alegia. Haren bidez, energia-komunitatearen sustapenerako informazioa eta bidelaguntza eskainiko dira, horretarako sortu berri den online bulego bidez -martxan da dagoeneko-. Horrez gain, laborategi bat eskainiko du Energiaren Puntuak, energia-komunitateen inguruan diharduten eragileek informazioa parteka dezaten. Eta Ernamuina deiturikoa ere izango du, energia komunitateen beharrak identifikatzeko, soluzioak irudikatzeko eta erantzunak elkarren artean emateko. Ernamuineko kide dira Elgeta, Bergara, Leintz Bailarako Ekiola, Otxandio, Elorrio eta Errenteriako komunitate energetikoetako ordezkariak, Goiener, Mondragon Unibertsitatea, Debagoiena 2030 iraunkortasun sareko zenbait kide… Era berean, sentsibilizaziora eta herritarren ahalduntzera bideratutako ekintzak antolatuko lituzke Energiaren Puntuak. Elgetan (Gipuzkoa) egin da ekimenaren aurkezpena, eta energia-komunitateetako, udaletako, Debagoieneko Mankomunitateko eta energiaren inguruan lanean ari diren hainbat eragiletako ordezkariek izan dira bertan.

Besteren artean, Debagoieneko trantsizio energetikoaren prozesuari loturik da Energiaren PuntuaEraginez Piztu estrategiaren baitan da-. “Erregai fosiletatik dator kontsumitzen dugun energiaren zatirik handiena eta datozen urteetan kontsumitzen dugun energia murriztea eta erabiliko duguna berriztagarria izatea da helburua. Erronka horri erantzuteko tokiko energia-komunitateek funtzio zentrala bete dezakete”, azaldu du D2030 ekimeneko koordinatzaile Elena Herrarte Letonak. Zentzu horretan, D2030eko energiaren eremuko koordinatzaile Aritz Ameztegi Elolak “lehenbizikoz, herritarrek beraien energiaren ardura hartzeko duten aukeran” jarri du fokua, eta, nabarmendu du, “herri eta auzoen garapena eta herritarren parte-hartzea bultzatu gura badira, energia-komunitateak direla bidea”.

Debagoiena, martxan

Debagoiena duela hiru urte hasi zen energia komunitateen inguruan lanean, eta, gaur-gaurkoz, hiru dira eraturik dauden energia-komunitateak: Elgetako Ixotzen, Bergarako Berener eta Leintz Bailara osoa hartzen duen Ekiola. Horiez gain, hainbat energia-komunitate dira sortze bidean. Hori bai, D2030eko energiaren eremuko koordinatzaileak aitortu du ez dela erraza izaten ari, energia-komunitateen ereduak duen bide laburragatik edo ekimenen eskala txikiak bideragarritasun ekonomikoan eragindako arazoengatik. Zailtasun horiek gainditzen laguntzeko sortu da Energiaren Puntua bulego birtuala.