Bozka fasea bukatu berritan, ezagun da gizarte eragileek bultzaturiko ze hiru proiektu lagunduko dituen Fagor Taldearen Fagor Herrigintza lankidetza programak: 60.000 euroko laguntza jasoko du Zaporeaken Elikadura duina eta osasungarria errefuxiatuentzat Kara Tepe Berrian (Lesbos, Grezia) ekinbideak; 40.000 eurokoa, Itsas Salbamendu Humanitarioaren Larrialdi laguntza eta osasun arretarako interbentzioa egitasmoak; eta, 20.000 eurokoa, Seaska Ikastolaren Senperen, kolegio baten eraikuntza proiektuak. Bada, IPDK heziketa eta kooperatiba sustapenerako zein interes publikoko beste helburu batzuetarako fondotik eratorritako 120.000 eurorekin lagunduko ditu Fagor Taldeak hiru gizarte eragile Fagor Herrigintza programaren bidez. Urtero abiaraziko litzateke ekinbidea.
Hain zuzen ere, euskal gizartetik sortutako ekimenak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko lankidetza programa da Fagor Herrigintza, aurten abiarazirikoa. Haren bidez, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea helburu duten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagor Taldeak. Horretarako, deialdi publikoa egin zen interesa luketen eragileek euren proiektuak aurkeztu zitzaten. Orotara, 38 proposamen jaso ziren, eta, aurrez iragarririko irizpideen araberako balorazioa egin ostean, puntu gehien zituzten zortzi eragileak pasa ziren Fagor Taldeko kooperatibetako kideen parte hartzerako abiaraziriko bozka fasera -sektore desberdinetan diharduten zortzi kooperatibek osatzen dute Fagor Taldea-.
Oro har, Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna “pozik” azaldu da Fagor Herrigintza lankidetza programaren estreinako edizioak izandako harrerarekin: “IPDKren banaketa sistema berrantolatu dugu Fagor Herrigintza lankidetza programa abiaraziz. Zerbait berria zen, eta, beraz, ez genekien nolaka harrera izango zuen. Elkarte askok erakutsi du parte hartzeko interesa, eta proposamen ugari jaso ditugu, era askotakoak. Pozgarria da hori”. Gainera, Fagor Taldeko kooperatibetako kideen parte hartzean sakontzeko aukera eskaini du Fagor Herrigintza lankidetza programak. “Bazkideek izan dute azken hitza. Eurek esan dute ze hiru proiektu lagundu behar lituzkeen Fagor Herrigintza programak. Garrantzitsua da parte hartzerako bide berriak sortzea”, azaldu du.
Komunitatearekin konprometiturik
Fagor Taldeak urteko irabazien %12 bideratzen du gizarte ekimenetara. “Komunitatetik sortu zen Fagor, komunitatearen alde jarduteko. Eta berdinean dihardu. Gizartearen auto-eratzean sinesten du, eta, beraz, baliabideak jartzen dabil etorkizuna hobetzeko lanean dabiltzan eragileek haien jardunarekin segi dezaten. Bide horretan sortu da Fagor Herrigintza lankidetza programa”, argitu du Iraunkortasun arduradunak. 2021ean, osotara, 1,13 milioi euro baino gehiago bideratu zituen Fagor Taldeak gizarte ekimenetara. Hainbaten artean, Gizabidea Fundazioa, Debagoiena 2030, Mundukide Fundazioa, Errigora, Bizipoza eta Gureak lagundu zituen kooperatiba taldeak.