Skip to main content

Mondragon Korporazioak eta Fagor Ederlanek EEVAM (Engineering, Electric Vehicles and Advanced Mobility) ibilgailu elektrikoentzako teknologien startupean inbertitu dute, ekintzailetzaren eta kooperatiben artean negozio berriak sustatzeko abiarazirik dagoen estrategiaren baitan. Besteren artean, hark, hazteko gaitasuna duten enpresa gazteetan inbertitzea dakar, eta horren adibide da akordio berria. Zehatz esanda, hiru urtean, hamabost enpresa sortu berri ingurutan egin ditu inbertsioak Mondragon Korporazioak, eta, oraingoan, Fagor Ederlan du bidelagun. Bada, inbertsiorako erabakiak, Fagor Taldeko kooperatibaren 2021-2024 Garapen Korporatiboko Estrategia du oinarrian, zeinak barnebildurik duen produktu berrien garapenerako bitarteko teknologikoak aprobetxatzeko irizpidea (batez ere, sistemen alorrean).

Ibilgailu elektrikoen diseinuan, garapenean eta ekoizpenean lagundu guran sortu zen EEVAM, eta aditu da puntako ibilgailuen (elektrikoak, adimendunak eta konektatuak) garapenerako ingeniaritza zerbitzuetan. Hala, haren lehen produktu den PowerMaster izenekoa merkaturatzeko erabiliko da finantzazioaren lehen zatia. Ibilgailu elektrikoetan integratu daitekeen sistema bat da PowerMaster, neurri batean, arkitektura modularreko bateriei lotutako desabantailak konpontzen dituena: autonomia, potentzia-muga edo karga-kentze korronte altuen ondoriozko bateriaren degradazioa.

Berrikuntza eta garapena

Adiministrazio Kontseiluan ordezkaritza duen Fagor Ederlan kooperatibaren eta EEVAMen arteko harremanak harago egingo du, gainera. Besteak beste, I+G alorreko egitasmoetarako akordioak aurreikusten dira, batez ere, Garapen Korporatiboko Estrategian lehentasun diren produktuetan (motor elektrikoa, Battery Pack, gurpileko motorra…). “Fagor Ederlanentzat erronka handia da etorkizun oparoa duen startup batean inbertitzea, are gehiago, hura bat datorrenean ibilgailu elektrikoentzako etorkizun teknologikoaren ikuspegiarekin. Kooperatibak konprometiturik dihardu mugikortasun iraunkorrarekin, berrikuntzarako eta ibilgailu elektrikoen industrian lider izateko aukerak bilatuz”, azaldu dute Fagor Ederlanetik.