Skip to main content

COVID-19aren testuingurupean, UNICEFen bidez, COVAX ekinbidearen aldeko kanpaina du martxan jarria Fagor Taldeak uztailean zehar -azken egunetan sartua da dagoeneko-. Hain zuzen ere, COVAX programa hertsiki dago loturik COVID-19aren testuinguruari, eta, zehatzago esanda, hari kontra egiteko mundu mailako txertaketa ekimenari: 2021. urtean, 2.000 milioi dosi inguru banatu gura dira diru-sarrera ertain, txiki eta baxuko herrialdeetan. Horretan lagundu guran ari da Fagor Taldea, besteren artean, haren bazkideen halabeharrezko ekarpenaren bidez. Gaur-gaurkoz, ia 8.000 eurokoa da bazkideen ekarpena, eta, horrez gain, 10.000 euroko laguntza emango du Fagor Taldeak. Zehatz esanda, 5.861 dira kopuru horrekin bana daitezkeen dosiak.

“Txertoen banaketan, eten barikoa da herrialde garatuetako estatuen arteko lasterketa, immunitatea nork lehenago lortu. Badirudi bide onean doala. Baina bestelakoa da herrialde zaurgarrienetako egoera. Arazoa leuntzera dator COVAX programa, oraindik orain nazioarteko elkartasunaren bidez besterik ezin daitekeelako beharrezkoa den mugaz gaindiko immunitatea lortu”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. COVID-19arena mugaz gaindiko arazoa da, mugaz gaindiko neurriak, erabakiak… hartu beharra dakarrena.

Konpromiso soziala, oinarrian

COVAX programarena ez da Fagor Taldeak urtean zehar lagunduriko ekinbide bakarra. “Gizarteari ekarpena egitea dagokigu. Komunitatearekin, gertukoa zein urrunagokoa, konprometitutako taldea gara sortzetik. Gizarte erronkak geure ere egiten ditugu, eta halaxe segituko dugu etorkizunean ere”, argitu du Iraunkortasun arduradunak. Askotarikoak dira gizarteko elkarte, eragile, entitate… ezberdinekin Fagor Taldeak sinatuak dituen hitzarmenak -euskara, inklusioa, nazioarteko elkartasuna, lehen sektorea, hezkuntza… bultzatzen dira horien bidez-.