Duoli Technology eta Fagor Ederlanen arteko aliantzatik sortutako Lieder Automotive joint ventureari esker, Fagor Taldeko kooperatibak industria-jarduerari berrekin dio Borjan (Aragoi), 170 lanpostu baino gehiagorekin. 15.000 metro karratutik gorako azalera produktiboa, hamalau ekoizpen-lerro eta 138 robot ditu instalazioak; aurreikuspenen arabera, urtean 40.000 txasis fabrikatzeko gaitasuna luke. Borjan sortutako egiturazko osagaiak Leapmotor markaren B10 eta B05 ibilgailu elektrikoetan erabiliko dira. Stellantis taldeak Figueruelasen (Aragoi) duen instalazioan muntatzen dira horiek. Fagor Taldeko, Fagor Ederlaneko, Mondragon korporazioko, Duoli Technologyko eta tokiko zein estatu mailako erakundeetako ordezkariak izan dira inaugurazio ekitaldian.
Oro har, muntatze-prozesu aurreratuak eta automobilgintzaren industrian beharrezkoak diren kalitate-, efizientzia- eta segurtasun-estandarrak bermatzera bideratutako sistemak barnebiltzen ditu lantegi berrituak. Horrez gain, hazteko, gaitasunak handitzeko eta osagai berriak garatzeko aukerak aurreikusten ditu proiektuak, etorkizuneko bezeroen beharrei erantzun egokiak emateko.
Akordio estrategikoa
Jon Zuazo Urionaguena Fagor Ederlaneko zuzendari nagusiak instalazio berriaren alderdi estrategikoa azpimarratu du: “Lantegi hau bultzatzeko erabakiak uste sendo bati erantzuten dio: industrian sinesten dugu, gure sektoreak eraldaketarako duen gaitasunean eta etorkizun lehiakor eta jasangarria eraikitze aldera inbertitzen jarraitzearen garrantzian. Instalazioa prestatuta dago eboluzionatzeko, produktu berriak sartzeko, bezero berriei arreta emateko eta datozen urteetan gaitasunak handitzen jarraitzeko”.
Fagor Ederlanek erabat eraldatzen ari den automobilgintzaren merkatuan duen posizionamendua sendotzen du bi erakundeen arteko aliantzak. Jiang Jianqiang Duoli Technologyko zuzendari nagusiaren esanetan, hornidura-kate “egonkor eta efizientea” eraikitzea da asmoa, Europako merkatu-kuota “modu iraunkorrean” handitzeko xedez. Era berean, erantzukizun soziala aktiboki hartzeko, tokiko enplegua sustatzeko eta kate industriala garatzeko konpromisoa hartu du, proiektua erreferente bihurtu dadin Txinaren eta Espainiako Estatuaren arteko automobilgintzako lankidetzan.
Ostera, Iñigo Laskurain Pagaegi Mondragon korporazioko Automozioko lehendakariordeak azaldu du enpresa-lankidetza funtsezko dela lehiakor izaten jarraitzeko, eta balioan jarri du bi erakundeen arteko elkarlana: “Lieder Automotive lankidetza-ariketa bikaina da: elkarrekin lan egitea, elkarrekin sufritzea eta arrakasta elkarrekin ospatzea. Testuinguru geopolitiko zalantzagarriaren eta sektorearen trantsizio sakonaren aurrean, lankidetzan aritzea, gaitasunak batzea eta erronkei elkarrekin aurre egitea da”.






