Dibertsifikazioa indartzeko asmoz, Robohelixen kapitalean sartu da Fagor Arrasate, %20ko partaidetza eskuratuta. Enpresak, ingeniaritza aurreratua, automatizazioa eta industria-diseinua uztartzen ditu, eta orotariko soluzioak eskaintzen dizkie zenbait sektoreri. Tartean, Arkimedesen torlojuak ekoizten ditu -hori da Fagor Taldeko kooperatibak partaidetza eskuratu izanaren arrazoi nagusia-, irina, harea, ongarriak edota laboreak leku batetik bestera mugitzeko. Zehatz esanda, torloju horietako helizeen fabrikazioa automatizatzeko gai den teknologia garatu eta patentatu du Robohelixek.
Zortzi ardatz dituen CNC makina robotiko horrek orain arte beharrezkoak ziren prentsa hidrauliko handiak, trokel garestiak eta eskuzko prozesuak desagerrarazten ditu. Horri esker, handitu egiten dira ekoizpen abiadura eta segurtasuna, eta kostu operatiboak txikitzen dira, metodo tradizionalaren aldean.
Juan Etxebarria Gonzalez Fagor Arrasateko negozio-garapeneko zuzendariaren esanetan, haren gaitasunekin “oso osagarri” den teknologia bat ematen dio Robohelixek Fagor Arrasateri, aukera eskainiz sektore tradizionalen —automobilgintza, etxetresna elektrikoak edo siderurgia— ziklo ekonomikoekin korrelaziorik ez duten industrietan sartzeko. Era berean, balio du Robohelixek bere produktua merkatuan “parekorik ez duen” industria-soluzio oso baterantz eroan dezan.






