Fagor Ederlanen, Ereindajanen eta Ausolanen arteko hitzarmenari esker, Fagorreko kooperatibak tokiko produktuak eskaintzen jarraituko du Bergarako (Gipuzkoako) lantegiko jangelan. 2021. urtean abiaturiko proba pilotuari loturiko akordioa da, eta, orain, horniketa prozesua zehaztuta, urrats berria egin da elkarlana luzatzeko eta proiektua egonkortzeko. Fagor Ederlanek, Fagor Taldeak, Ausolanek eta Ereindajanek osaturiko talde eragileak gidatu du prozesua, eta Debagoieneko elikadura burujabetza bultzatzeko sorturiko Tokixan proiektuari dago lotuta.
Zehatz esanda, bi urteko prozesua izan da, eta hiru fase izan ditu: diagnostikoa, probaldia eta ezarpena -irizpideak, plangintza eta menu aldaketak landu dira, oinarri eta funtzionatzeko era berria zehaztuz-. Besteren artean, eguneroko prozesuak egokitu behar izan dira elikagai freskoa eskaini ahal izateko -eskariak, prestaketa, errezeta…-, bertan jaten duten langileen zein sukaldarien ohituren eta tokiko ekoizleen ekoizpen aukeren arteko oreka bilatuz.
Oro har, ekoizpenean inpaktua izan zezakeen jantoki bat dela iritzita erabaki zuten Tokixaneko kideek proba pilotua Fagor Ederlanen egitea. “Bergarako sukaldeak azpiegitura egokia eta bazkaltiar kopuru esanguratsua du. Zehatz esanda, 80-100 pertsona inguruk bazkaltzen dute egunero buffet erako menua”, argitu dute Tokixaneko kideek.Jangelaren tamaina, behar eta eskakizunetara egokituriko banaketa-sistema sortu dute, horniketarako beharrezko diren osasun berme guztiak eskainiz.
Aurrera begirakoak
Orain, probaldia bukatuta, horniketa Debagoieneko beste jantoki batzuetara (enpresa jantokiak, egoitzak, ikastetxeak…) zabaltzea da asmoa, haiek ere aukera izan dezaten elikadura eredu iraunkorragoen alde egiteko. “Jantokiak bitarteko izan daitezke ekoizpenari bultza egiteko eta erreleboa bermatzeko, baina oraindik bide luzea dago egiteke. Epe luzera begira, Euskal Herriko beste lurralde batzuekin sor litezkeen elkarlanerako aukerak lantzea, ekoizpen ereduetan eragitea eta askotariko zerbitzuak eskainiko lituzkeen banaketa gune bat sortzea lirateke helburuak”, azaldu dute Tokixaneko kideek.






