Skip to main content

Lanerako bidean garraiobide iraunkorraren erabilera sustatzeko ekimena da Fagor Mugi. Besteak beste, lanera bizikletan, patinetean, oinez, autobusean edo auto partekatuan doazen Taldeko kooperatibetako kideak saritzen ditu Fagorrek: egindako kilometroen arabera, zikloak (puntuak) pilatuko ditu erabiltzaileak, ondoren sariekin trukatzeko.

Fagor Mugirekin, aukera eman nahi zaie Fagor Taldeko kideei mugikortasun iraunkorraren mundu mailako erronkan euren ekarpena egiteko, CO2 emisioak, erregai kontsumoa, zarata, trafikoa eta istripu arriskuak murriztearekin batera.

Nola parte hartu?

  1. Jaitsi Ciclogreen aplikazioa zure mugikorrean.
  2. Eman izena Fagor Mugin. Eskatu erregistrorako kodea helbidean.
  3. Hasi zikloak pilatzen! Aktibatu aplikazioa etxetik edo lanetik abiatzean, itzali iristean, eta egindako kilometroak ziklo bihurtuko dira.

Sariei edo rankingei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo fagormugi.eus webgunera.

Fagor Mugik lau urte

Fagor Taldeak Fagor Mugi martxan jarri zuenetik (2020ko iraila), hainbat aldaketa eta berrikuntza izan ditu. Esate baterako, sari bat gehitu da urtero, eta, 2023an, sari bereziak banatu dira, lehen aldiz, urteroko bi erronketan: 30 Egun Bizikletaz erronka apirilean, eta, Urban Mobility Challenge, irailean. Estatu mailan beste hainbat enpresarekin aritu da Fagor lehian, kilometro jasangarri gehien egin nahian. Elkarrekin plataforman eman izan da guztiaren berri (Elkarrekinen erregistratuta ez bazaude, sartu hemen).

Hainbat datu

Lau urte pasa ondoren, ekimena sendotzen ari da; hala erakusten dute urtero biltzen diren datuek: erabiltzaile kopuruak gora jarraitzen du, eta baita Taldeak egiten duen inbertsioak ere. Besteren artean, Fagor Mugik 225 erabiltzaile zituen estreinako urtean (2020), eta, 2023 itxieran, 605 kide dira ekimenarekin bat egina dutenak; horietatik 216 dira erabiltzaile aktiboak.

Egindako kilometroei dagokienez, pasa den urtean, 243.618 Km jasangarri egin ziren guztira, 41.193 Kg CO2 isurtzea saihestuz. 2020an, 103.520 Km izan ziren, eta 11.515 Kg CO2 isurtzea saihestu zen. Ekimena sortu zenetik gaur arte, garraiobide erabilienak bizikleta eta auto partekatua izan dira; azken horren bidez eginiko kilometroak dira urtez urte gorakada handiena izaten dutenak.