Skip to main content

Zaporeak elkarteak Lesboseko (Grezia) kanpamenduan duen sukalderako elikagai bilketa kanpaina hasiko da Fagor Taldeko kooperatibetan urriaren 25ean -azaroaren 3ra arte egongo da ekarpena egiteko aukera-. Hain zuzen ere, arroza, pasta, lekaleak (txitxirioak eta babarrunak), olioa edota esnea bilduko dira datozen egunetan kooperatibetako egoitzetan horretarako eskainiko diren guneetan. “Hutsik daude biltegiak. Elikagai beharra dago. Orain, diru ekarpenekin bildutakoari esker egiten zaie aurre elikagai beharrei. Elikagai bilketek sekulako bultzada dakarkiote errefuxiatuen elikadura duinerako eskubidearen aldeko lanari”, azaldu dute Zaporeak elkartetik.

Egoeraren larritasunak bultzatu du Fagor Taldea kanpaina abiaraztera. “Fagor Herrigintza lankidetza programarekin hasi zen Zaporeak elkartearen eta Fagor Taldearen arteko lankidetza, eta, ordutik, izan da bestelako elkartasun ekimenik. Esaterako, Lesboseko sukaldea hobetzeko hainbat dohaintza egin zituen Fagor Professionalek uda inguruan. Orain, egoeraren larritasuna ikusita, elikagai bilketa egingo da Taldeko kooperatibetan”, adierazi du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Fagor Herrigintza, elkarlanerako lehen urratsa

2022ko Fagor Herrigintza lankidetza programarekin hasi zen Zaporeak elkartearen eta Fagor Taldearen arteko elkarlana -Fagor Herrigintza, urte hartan egin zen lehenengoz-. Zehatz esanda, haren bidez, 60.000 euroko ekarpena jaso zuen elkartearen Elikadura duina eta osasungarria errefuxiatuentzat Kara Tepe Berrian (Lesbos, Grezia) proiektuak. Zaporeak elkartearekin batera, 40.000 euroko laguntza jaso zuen Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioaren Larrialdi laguntza eta osasun arretarako interbentzioa egitasmoak; eta, 20.000 eurokoa, Seaska ikastolen federazioaren Senperen, kolegio baten eraikuntzak. “Besteren artean, Euskal Herriko elkarte desberdinak eta haien jarduna edota beharrak ezagutzeko aukera eskaintzen du Fagor Herrigintzak. Hori funtsezko da elkarlanerako balizko bide berriak aztertzeko”, gaineratu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.