Skip to main content

Zabalik da Mundukideren VIII. lasterketa solidarioan parte hartu ahal izateko izen-ematea. Aurten, urriaren 22rako dago finkaturik hitzordua, eta, ohi moduan, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Urkuluko urtegian egingo da -eguna bat dator Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Astearekin-. Hain zuzen ere, azken urteotako joerari jarriki, nagusien zein gazteen modalitateak eskainiko ditu lasterketak. Eta Mundukidek Afrikan eta Hego Amerikan abiaraziak dituen lankidetza-programetan erabiliko da ekinbidearen bidez bildutako dirua. 10 euro ordaindu beharko dira izena ematearen truke (ikasleek 5 euro ordaindu beharko dituzte, eta gazteen modalitateko parte hartzaileek ez dute ezer ordaindu beharrik izango).

Besteren artean, 6,3 kilometroko bidea egiteko aukera izango dute nagusien modalitatean izena emana dutenek. Hiruko taldeetan antolaturiko lasterketa (11:00etan hasita), martxa nordikoa (10:30ean hasita) edo oinezko bidea (10:30ean hasita) izango dute horretarako. Hori bai, horietan lehenengoan parte hartzeko beharrezkoa izango da kooperatiba bateko kide izatea. Horien aurretik, baina, gazteen modalitateko lasterketak izango dira. 10:00etan hasiko dira, eta haien adinaren araberako ibilbidea izango dute hartan parte hartzen dutenek: 6,3 kilometro (2006-2009 artean jaiotakoak), 1,5 kilometro (2010-2011), kilometro bat (2012-2013), 0,5 kilometro (2014-2015) eta 0,1 kilometro (2016-2018).

Izen-ematerako bideak

Dagoeneko zabalik dago Mundukideren lasterketa solidarioan parte hartu gura duenarendako izen-ematea. Mundukide.org webgunean dago horretarako aukera. Gainerakoan, antolatzaileek jakinarazi dute egunean bertan ere balegokeela izena emateko aukera, Urkulun dagoen Otalora jauregiko aparkalekuan, 9:00 eta 10:30 bitartean -ordu tarte eta leku berean banatuko dira dortsalak-. “Egun atsegina izango da, naturaz inguratutarikoa, nork haren ekarpena egiteko baliagarri. Interesa baduzu, eman pausoa, eta parte har ezazu lagun, lankide eta familiakoekin”, adierazi dute antolatzaileek.