Skip to main content

Webgune propioa aurkeztu du Gizabidea Fundazioak: www.gizabidea.eus. Besteren artean, komunitatera gerturatzeko ahaleginean dihardu, eta, gardentasuna erdigunean jarririk, hari buruzkoak barnebiltzen dituen euskarria landu berri du. Zehatz esanda, hezkuntza kooperatiboa sustatzeko helburuz sorturiko irabazi-asmorik bariko erakundea da Gizabidea, eta horretan dihardu sortzetik, hainbaten artean, Debagoieneko hezkuntza azpiegiturak babestuz, gizarteak etorkizunean izango dituen erronkei modu kooperatiboan eta berritzailean erantzun guran. Era berean, diseinu landuko euskarria da, logo eraberrituarekin bat datorrena.

Esan barik doa Fagor Taldeko zenbait kooperatiba dira Gizabidea Fundazioaren patrono fundatzaile nagusiak. “Ekarpena egin gura diogu Debagoieneko hezkuntza komunitateari. Hartarako, besteren artean, heziketa prozesurako bitarteko egokiak, berritzaileak, duinak… ahalbidetzeko lanean dihardugu”, azaldu du Fagor Taldeko eta Gizabidea Fundazioko presidente Joxean Alustiza Usandizagak. Fagor Taldeak erdigunean jarria du komunitatearen, eta, oro har, etorkizuneko talentuaren, heziketa.

Gizabideari buruzkoak, euskarri bakarrean

Erabiltzeko erraza izango den webgunea landu du Gizabidea Fundazioak, hari buruzkoak barnebiltzen dituena. Hor daude fundazioaren historia, ondarea (Arizmendi Ikastolak eta Mondragon Unibertsitateak darabilten zenbait eraikin, Iturripe kirolgunea…) azken proiektuak (HUHEZIren Dorletako eraikina eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren 11. Eraikina, esaterako), hari loturiko albisteak, harremanetarako bideak… Eta hori guztia, logo eraberrituarekin bat datorren diseinu batekin dago aurkeztua.

Oro har, egindakoa, Gizabidea Fundazioa gizarteratzeko asmoarekin lotu du Alustizak: “Urrats berri bat egin dugu Gizabidea Fundazioa gizarteratzeko bidean. Urteak gabiltza hezkuntza komunitate kooperatiboari bitartekoak eskaintzen, eta horixe ezagutarazi gura dugu. Gainera, beste hainbat euskarriren artean, webgunea erreferentziazko bitarteko izango da Gizabidea gertuagotik ezagutu gura duenarentzat”.