Skip to main content

Energia berriztagarriak eta energia auto-sorkuntza erdigunean, teilatu fotovoltaikoaren instalazioarekin jardun du azken hilabeteotan Fagor Automationek Eskoriatzako (Gipuzkoa) lantegian. Hain zuzen ere, 270 plaka fotovoltaiko jarri ditu -orotara, 100 kw-koa da instalazioaren potentzia nominala-. Horri esker, gaur-gaurkoz, batez beste, Eskoriatzako lantegiaren kontsumoaren %6,33 datorkio kooperatibari teilatu fotovoltaiko bidezko auto-sorkuntzatik. Hain zuzen ere, urtean 138.820 kwh-ko sortze gaitasuna du instalazio berriak -2019. urtean, 2.191.389 kwh-koa izan zen lantegiaren urteko kontsumoa-.  Fagor Taldearen asmoa da ekinbidea beste kooperatiba batzuetara zabaltzea. Dagoeneko badabil aukera berriak aztertzen.

Oro har, egitasmoa hertsiki dago loturik Fagor Taldeak 2021. urtean onarturiko Fagor 2030 iraunkortasun estrategiari. Halaxe azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Iraunkortasunaren aldeko jardunean dihardu Fagor Taldeak. Horren baitan, hainbaten artean, energia berriztagarrietan eta auto-sorkuntzan sakontzen gabiltza. Urratsak ematen segi beharra dugu, ekinbide berriak abiarazten, datozkigun aukerak aztertzea, aukera berriak bilatzen… Gaur egungo teilatu fotovoltaikoek ez dituzte geure beharrak haien osotasunean aseko, baina, ibilbide honetan, urrats bakoitza da beharrezko”.

Auto-sorkuntzaren abantailak

Azken urteotan goraka doaz auto-sorkuntzarako instalazioen aldeko ekinbideak. Bada, kooperatiben kasuan, alorreko adituek gisakoei loturiko hainbat abantaila aipatzen dituzte: faktura elektrikoaren, karbono aztarnaren eta merkatu prezioekiko dependentziaren murrizteak; 0km-ko energia berriztagarria eskuratzea; eta erantzukizun sozial korporatiboan sakontzen segitzea. “Batetik, auto-hornikuntza da energia prezio altuei kontra egiteko kooperatibek duten erraminta nagusia. Gainera, ezin daiteke ahaztu goraka doazela karbono aztarna murrizteari loturiko bezeroen exigentziak”, azaldu du Fagor Automationeko teilatu fotovoltaikoaren proiektu arduradunak.

Iraunkortasunaren aldeko urratsak

Fagor Taldea iraunkortasunaren bidean murgildurik da azken urteotan. Bide horretan, horretarako lagungarri liratekeen egitasmo berriak eraikitzen dabil, eta dagoeneko eraikiak dauden zenbait hobetzen. Bada, haren ekinbideak ez dira auto-sorkuntza instalazioak sortzera eta hedatzera mugatzen. Harago doaz. Esaterako, eguneratzen dabilen Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren haririk, hasia da Fagor Taldeko kooperatibetan auto elektrikoentzat karga puntuak jartzeko aukerak aztertzen.