Skip to main content

FLL Euskadi-Mondragon lehiaketa egin da asteburuan Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MU), eta hartan esku hartzen izan da Fagor Taldeko ordezkaritza. Besteren artean, Fagor Taldea Saria ematea egokitu zaio kooperatiba taldeari, roboten portaera aztertu eta erantzun egokiena eman duena aukeratuz. Eta Gernikako (Bizkaia) San Fidel Ikastolako Sanfitek-fire taldeak eroan du errekonozimendu hori. Gainera, ikastola bereko Sanfitek-land taldearekin batera, martxoaren 25ean eta 26an Cartagenan (Murtzia) egingo den final handirako sailkatu zen. Hain zuzen ere, aurtengoan, Superpowered erronka izango dute langai parta hartzaileek, eta energia nondik datorren edota nola bana, biltegira eta erabil litekeen aztertzea izango dute zeregin nagusi.

Orotara, 42 taldetan antolaturiko 400 ikasle izan dira -EAEko 14 ikastetxe egon dira- asteburuan egin den FLL Euskadi-Mondragon lehiaketan. Eta Debagoieneko ordezkaritzarik ere izan da bertan: Arizmendi Ikastolako, Elkar Hezi ikastetxeko, Mariaren Lagundia Ikastolako eta Oñatiko Institutuko zazpi talde.

Babesle eta boluntarioen garrantzia

Ekimenarekin bat egina duten erakundeen ekarpena eskertu dute antolatzaileek -horien artean da Fagor Taldea-, halako hitzordu bat antolatzeko, elkarlana “ezinbesteko” dela azpimarratuz. Zehatz esanda, aurtengoan, 40 inguru izan dira First Lego Leaguekin bat egin duten entitateak. Era berean, boluntarioen lana eskertu dute antolatzaileek, haien laguntzaren garrantzia berretsiz.

Honela banatu ziren FLL Euskadi-Mondragonen sariak:

  • Fagor Taldea lehen saria Robotaren Portaerarentzat: Sanfitek-fire.
  • Maier saria Entrenatzailearentzat: ISS Team.
  • Erreka saria Ingeniaritza Bikaintasunean: Arizmendi Ikerlan 4.
  • Arrasateko Udala saria Etorkizun Oparoko Gazteentzat: Lauaxeta 8.
  • Ikerlan bigarren saria Robotaren Diseinuarentzat: Arizmendi Ikerlan 3.
  • Mondragon Corporation lehen saria Robotaren Diseinuarentzat: Sanfitek-hydro.
  • Laboral Kutxa bigarren saria Proiektu Berritzailearentzat: Low Battery.
  • Gipuzkoako Foru Aldundia lehen saria Proiektu Berritzailearentzat: Warmeeinsparung.
  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren bigarren saria First Balioentzat: Bermibot Omega.
  • Mondragon Unibertsitatea lehen saria First Balioentzat: Cemen Team.
  • Innobasque bigarren saria Irabazlearentzat: Sanfitek-fire.
  • Ingeniera Soy lehen saria irabazlearentzat: Sanfitek-land.