Skip to main content

Leire Mugerza Garate buru duen eta Mondragon Korporazioko kooperatiba guztien ordezkaritza duen Kongresu Kooperatiboaren Batzorde Iraunkorrak abendu hasieran iragarri zuen Korporazioko Kontseilu Orokorreko hurrengo lehendakari Pello Rodriguez Zabaleta izendatzeko erabakia. Goi Mailako Industria Ingeniaritzan lizentziatua da Rodriguez, mekanika espezializatua EHUn eta Parisko École Nationale d´Arts eta Métiers-en. 1975ean jaiotako urretxuarrak (Gipuzkoa) eleaniztuna da eta bost hizkuntza menperatzen ditu (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta alemana). Bada, 2024ko abuztuaren 1etik aurrera hartuko du Iñigo Ucin Azcue Mondragon Korporazioko lehendakariaren lekukoa.

Rodriguezek “pozik” hartu du proposamena: “Erronka berri hau ilusio handiarekin hartu dut. Mondragon, nire etxea da, eta oso harro nago funtzio hau betetzeko izendatu nautelako. Eman zaidan erantzukizunaren mailan egotea espero dut”.

Ibilbide profesionala

Danobaten hasi zuen ibilbide profesionala Rodriguezek, proiektuetako gerente bezala, eta Ingalaterrako eta Alemaniako filialetan jardun zuen ondoko sei urteetan. 2007an, atzerritik bueltan, kooperatibako Tornu eta Artezketa negozioaren ardura hartu zuen, eta, 2013an, zuzendaritza nagusira iritsi zen.

2015. urteaz geroztik, ostera, Mondragon Korporazioko lehendakariorde eta Ekipamendu-Ondasunen dibisioko zuzendari nagusi da. Dibisio horrek makina erremintako eta industria automatizazioko kooperatibak (Danobat, Soraluce, Ideko, Fagor Arrasate, Fagor AutomationMondragon Assembly eta Goimek, besteren artean) batzen ditu. Korporazioko Kontseilu Orokorreko eta Kontseilu Industrialeko partaide ere bada, eta Zientzia, Berrikuntza eta Teknologiaren Euskal Kontseiluko eta Innobasqueko Zuzendaritzako kide.