Munduko Errezetarik Onena kanpaina abiarazi du Mundukidek, Eneko Atxa Azurmendi jatetxeko chefarekin elkarlanean. Zehatz esanda, pertsonen elkartasunaren bitartez eta kooperatibismoan oinarrituta, Hegoaldeko herrialde pobretuen ekonomia bultzatzeko eta ehunka mila pertsonen bizitza hobetzeko beharrezko diren funtsak lortu gura ditu haren bidez. Horretarako, beharrezkotzat du jendearen ekarpena. Bide horretan, kanpainarekin loturiko atal berezia jarri du Mundukidek haren webgunean, ekarpena egin gura duen ororen eskura.
Bere aldetik, gisako ekimenetan norbere aletxoa jartzearen garrantzia azpimarratu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. “Hein handi batean, norbanakoen ekarpenek egiten diete bultza gizarteko ekinbide solidarioei. Ibilbide luzekoa da Mundukide. Urteak daroatza garapen sozioekonomiko jasangarria sustapenean murgildurik, pertsonen bizitza hobetzeko ahaleginean. Eta giltzarri kooperatiboa darabil horretarako. Garrantzitsua da gisako ekimenak laguntzea”, azaldu du.
Eneko Atxa, ekinbidearekin bat eginda
Kanpaina berrian, Eneko Atxa chefaren laguntza izan du Mundukidek. Besteren artean, haren eguneroko jardunean eta Mundukiden oinarri diren zenbait balio parean jarri gura izan ditu Atxak: “Gizatalde onena dugu, pasioz egiten dugu lan eta jasangarritasuna, erantzukizun soziala zein lankidetza bezalako balioetan sinesten dugu. Mundukiderekin partekaturiko balioak dira horiek”. Eta harago eginez, dagoeneko helduak dituen pertsonekiko eta planetarekiko konpromisoak jarri ditu erdigunean. “Horiek oinarri, ahalegin handiz eginiko errezeta solidarioa ekarri dizuet. Osagai bat falta zaio. Osagai hori zuen ekarpena da”, gaineratu du.
Hona hemen kanpainari loturiko bideoa: