Skip to main content

Bizipoza elkartearen Mundu berri bat guztiontzat egitasmoak gaur –asteazkena- egin du publiko haren kantu eta bideoklip sortako azkena: Joxe Mari Auzmendi omenez sorturiko Amets bat eskuetan kantua. Hain zuzen ere, Auzmendik esangura handia izan zuen egitasmoaren sorreran eta horixe bera aitortu gura izan dio Bizipoza elkarteak, haren hitzekin osaturiko kantua argitaratuz. Halaxe azaldu dute elkarteko kideek: “Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sortzaile eta Bizipoza elkarteko talde eragileko kide izan genuen Joxe Mari Auzmendiren omenez, maitasun osoz osatutako kantua irudi polit batzuekin batera egin dugu publiko”.

Era berean, Mundu berri bat guztiontzat egitasmoak barnebilduriko helburuekin jarraitzeko asmoa iragarri du Bizipoza elkarteak. Besteren artean, Bizipoza Jaia deiturikoa egingo du martxoan zehar, Bergaran. Zehatz esanda, egoera eraginda, testuingurura egokituriko hilabete osoko egitaraua antolatu du elkarteak, aurrez aurreko ekintzak zein Euskal Herri osora zabaltzeko online hitzorduak barnebiltzen dituena. Hainbaten artean, janari senegaldarra eta Mundu berri bat guztiontzat egitasmoaren aurkezpen ekitaldia antolatu dute martxoaren 13rako; eta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots Bizipozako elkarteekin irri dantza eta kantak ikuskizuna, martxoaren 14rako. Horietan geratu barik, Bizipoza Triviala eta Bergarako ikastetxeendako tailerrak ere izango dira martxoan zehar.

Fagor Taldea, laguntzaileen artean

Mundu berri bat guztiontzat kantu eta bideoklip sortaren laguntzaileen artean da Fagor Taldea. Eta Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna “pozik” azaldu da egitasmoak eman duenarekin: “Izugarria izan da Bizipozako kideek egindako lana. Nabari da mimoz eta konbikzioz landuriko egitasmoa dela. Bizipoza osatzen dutenak ikusarazteko bidea ireki du euskal sortzaileen, elkarteetako kideen eta abarren arteko auzolanak. Garrantzitsua da hori. Pozgarria da halako ekimenetan geure aletxoa jartzeko aukera izate”. Bide berean, Bizipozaren balioak eta Fagor Taldekoak bat datozela berretsi du Iraunkortasun arduradunak. “Pertsonak ditu erdigunean jarriak, euskaratik lantzen du inklusioa eta lankidetza du oinarrian”, dio.

Bada, dagoeneko ikusgai dira Mundu berri bat guztiontzat egitasmoaren baitan sorturiko bideoklip guztiak. Eta, esan moduan, gaur egin dute publiko azken abestia. Hemen dago entzungai: