Skip to main content

Fagor Taldeko Mondragon Assembly kooperatiba Araba MotorSport taldearen babeslea izango da. EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskolako ikasleek osaturiko talde hori, bi urtean behin egiten den MotoStudent nazioarteko ekitaldian izango da bosgarrenez -mundu osoko unibertsitateek hartzen dute parte-. Ikasleek motor elektriko bat fabrikatu dute, eta motor horretarako piezak ekoitzi eta mekanizatu ditu Mondragon Assemblyk. Ikerlan zentro teknologikoa ere taldearen babesle izango da.

Joan den astean, Mondragon Assemblyren Aretxabaletako (Gipuzkoa) egoitza nagusian bildu ziren ikasle eta babesle guztiak. Besteak beste, prototipoa eta kooperatibaren ekarpena ezagutu ahal izan zen. Euren aldetik, Mondragon Assemblyren laguntza eskertu zuten ikasleek: “Mondragon Assembly oso garrantzitsua izan da guretzat babesle moduan. Eskerrak eman nahi dizkiegu piezak fabrikatzeko izandako bizkortasunagatik eta kalitate oso oneko piezak egiteagatik. Horri esker, gure prototipoa ahalik eta azkarren bukatzeko aukera izan dugu”.

Bestetik, ikasleen konpromisoa nabarmendu du Mondragon Assemblyk. Aitor Ruiz de la Torre Acha Mondragon Assemblyko erosketa zuzendariak honako hau azaldu zuen: “Motor elektriko lehiakor bat egingo zutela esan ziguten, eta oso interesgarria iruditu zitzaigun. Guk ere proiektu kudeatzaile eta berritzaileak garatzen ditugunez, ez genuen zalantzarik izan haiei proiektu horretan laguntzeko. Talentu handiko taldea dela ikusten dugu, berritzaileak eta etorkizun handikoak”.