Skip to main content

Urtebete iraun dute instalazio berrien eraikuntza-lanek, eta aurki martxan jartzea espero da. Kunshan eskualdean dagoen eraikineko lantegiak 3.000 metro koadroko hedadura du, eta horietatik 1.200 bulegoei eskainiak daude. 3 milioi euro inguruko inbertsioa egin da, eta aurreikuspena da etorkizun hurbilean handitzea.

Mondragon Assemblyk 2013an ekin zion Txinako merkatuan lan egiteari, eta ordutik hazten joan da Asiako herrialdean duen presentzia. Salmenten gorakadarekin, hango egitura sendotu egin da, eta horren ondorioa da amaitu berri den azpiegitura. Dagoeneko Mondragon Assembly merkatuko erreferente nagusietako bat da.

Kunshaneko taldean 85 pertsona ari dira lanean, horietako % 70 ingeniariak, eta instalazio berriekin, Txinan hazten jarraitzea espero da, proiektu automatizatuen hornitzaile global sendoa izanez eta hango bezeroei balio teknologiko handiko soluzioak eskainiz.