Skip to main content

Larunbatean, martxoaren 2an, egingo da First Lego League (FLL) Euskadi-Mondragon lehiaketaren finala, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren Iturripeko Campusean, Arrasaten (Gipuzkoa). Ohi moduan, EAEko ikasleen artean gaitasun teknologiko eta zientifikoekiko interesa pizteko bitarteko izan gura du, jakintza ildo berri bat irekiz. Aurtengoa ere, lehiaketa ofiziala izango da, estatu mailako txapelketara sailkatzeko baliagarri. “FLL Explore eta FLL Challenge erronkak izango dira. Lehena 6-9 urte arteko ikasleei dago zuzendua, eta, bigarrena, 10-16 urte artekoei. Haien gaitasun zientifiko-teknologikoak landu gura dira, afizio baten (musika, zinema, antzerkia…) bidez”, argitu dute antolatzaileek. FLL Euskadi-Mondragonen babesleen artean da Fagor Taldea.

Fagorreko buluntarioak

Hitzordurako boluntario bila, barne kanpaina jarri zuen martxan Fagor Taldeak otsailean, eta hainbat pertsonek eman dute izena. “40 talde izango dira, 300 ikasletik gora. Boluntarioak beharrezko dira horiei guztiei laguntzeko. Boluntario bakoitzaren ekarpena da eskertzekoa”, azaldu du Maite Anaya Rodriguez MGEPko irakasle eta antolakuntzako kideak.

Zehatz esanda, 100 boluntario inguru lortu gura zituzten antolatzaileek, arbitro (roboten jolasa kontrolatzeko ardura izango du), epaile (taldeen lana baloratu eta sariak erabakiko ditu), floater (lehiaketak irauten duen bitartean taldeei laguntza emango die), zientzialari (junior taldeen lana baloratu eta lorpenak zorionduko ditu), Timekeeper & Scorekeeper (mahai-jokoaren softwarea eta partiden iraupena kontrolatuko ditu) edo eremuen arduradun (lehiaketaren eremuak kontrolatuko ditu) moduan jarduteko. Oro har, lortu dute helburua.