Esnatu dinamika aurkeztu du Uema udalerri euskaldunen mankomunitateak, “euskararen atzeranzko joera iraultzeko”. Besteren artean, era guztietako eragileen ahalduntzea eta eremu euskaldunak bizirik mantentzeko konpromisoa sustatu gura ditu ekinbideak. Bide horretan, gaur-gaurkoz, hemezortzi eragilek dute bat egina, tartean, Fagor Taldeak, lan munduan euskararen normalizaziorako plangintza aurreratua duen enpresa moduan. Orioko (Gipuzkoa) arraun-etxean egindako aurkezpen ekitaldian izan dira horiek guztiak.
Hainbaten artean, ekimenaren nondik norakoez jardun du Martin Aramendi Arana Uemako lehendakariak: “Uemak kezka handia du datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbeherarekin, eta arduraz bizi du azken ikerketek hurrengo urteotarako aurreikusten duten galera. Arnasguneak giltzarri dira euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa da lurralde osoan eragiteko eta euskararen biziberritzerako. Ezinbestekoa da egoerari buelta ematea. Kezka eta ardura horretatik sortu da Esnatu”.
Era berean, azaldu du azken hamarkadetan euskararen biziberritzean lan handia egin bada ere, gaur egungo joera soziolinguistikoak irauli ezean, geldialdi zantzuek bide emango diotela galera aroari. “Bilakaera demografikoak, mundu mailako aldaketek, teknologiak zein bizi-ohitura berriek ez dute etorkizun samurra iragartzen euskararentzat”, gaineratu du.
Hemezortzi eragile
Esnatu hasia da lehen urratsekin, eta, orain arteko bidean, hemezortzi eragileren konpromisoak ditu bilduak, tartean, Fagorrenak. Zehatz esanda, lan munduan arnasgune izanda, euskara lan hizkuntza bezala lehenesten eta hizkuntza irizpide aurreratuak ezartzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Fagorrek. Kooperatiba taldea erreferentziazko eragile sozioekonomiko da euskararen normalizazioan.






